Udalerriko "segurtasuna aztertu eta hobetzeko", Esplorazio Martxak izeneko ekimena antolatu du Amurrioko Udalak. Datorren asteartetik aurrera abiatuko diren ibilaldi horiek "espazio publikoetako segurtasun pertzepzioan eragina duten elementu fisikoak eta sozialak identifikatzea" dute helburu.
Udalak zabaldutako ohar batean azaldu dute ekimena "emakume cis, trans eta bitarrak ez diren pertsonei" bideratuta dagoela. Espazio publikoak ikuspegi "feminista intersekzionaletik birpentsatzeko" lan egiten duen Col·lectiu kooperatibak zuzenduko ditu ibilaldiak.
Asteartean hasiko dituzte horiek. Urriaren 1ean, 18:00etan, lehen azalpenak emango dituzte, udaletxean. Urriaren 2an, berriz, goizean segurtasunari buruzko tailer diagnostikoa egingo dute Amaurre ikastetxeko DBHko 4. mailako ikasleekin, eta arratsaldean, Juan de Urrutia plazatik abiatuta, bi ibilaldi egingo dituzte, hiriguneko "eremu periferikoak" aztertzeko. Azkenik, urriaren 3an, plaza beretik abiatuta, erdiko alean jarriko dute arreta, "erabilgarritasun mugatua dutenentzat edo ibilbide laburragoak nahiago dituztenentzat".
Udalak dio emakumeek proiektu honetan "aktiboki parte hartzea" garrantzitsua dela, haien eguneroko esperientziak "funtsezkoak direlako hiri ingurune seguruago eta inklusiboago bat diseinatu eta eraldatzeko". Aurreratu dutenez, haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dute.