Euskararen kriseilua, etxerik etxe Laudion

Erredakzioa 2024ko ira. 27a, 14:03

Familiek euskararen erabileraz gogoeta egitea da helburua. Argazkia: Topagunea

Euskararen Kriseilua ekimena 4 eta 8 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dago eta udalerriko ikastetxe guztietatik sustatuko da.

Euskaltzaleen Topaguneak sustatzen duen Euskararen Kriseilua ekimenarekin bat egingo du Laudiok, 4 eta 8 urte bitarteko haurrak dituzten familien artean euskararen erabilera sustatzeko. "Familia bezalako ingurune intimo batean euskarari buruz hausnartzeko aukera eskaintzen du jarduerak. Euskararen sentsibilizazioari eta transmisioari buruz egindako gogoetekin bat datozen urratsak egin nahi dira", adierazi du Nagore Gomara Euskara zinegotziak.

Dinamika herriko ikastetxe guztietan egingo da (Areta herri eskola, Laudio ikastola, Lamuza ikastetxea, La Milagrosa ikastetxea eta Latiorro ikastetxea) eta helburua gutxienez 150 familia inplikatzea izango da. Horrela, Euskal Herrian abian jarritako proiektu honetan parte hartu nahi dutenek izena eman ahal izango dute kriseilua.topagunea.eus webgunean datorren urriaren 1etik 14ra.

Nolanahi ere, dinamika herriko ikastetxeetatik ere sustatuko da. Jarduerak euskararen kriseiluaren zaintza izango du oinarri, hizkuntzaren transmisioaren eta erabileraren inguruan hausnartzeko. Horretarako, kandela etxez etxe ibiliko da urriaren 25etik azaroaren 29ra arte. Etxeetan dagoen bitartean euskararen erabileran arreta berezia jarri beharko da, eta familiek euskararen alde hartutako konpromisoak www.kriseilua.eus webgunean adierazi beharko dituzte. Ondoren, hausnartutakoaren laburpena jasoko dute dekalogo gisa.

Dinamika azaroaren 29an amaituko da jai-amaierako ekitaldi batekin. Ekitaldi horretan, gainera, parte hartzen duten familien artean sare bat sortzea sustatu nahi da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago