Mugikorrek ume eta nerabeengan sor ditzaketen arazoekin arduratuta daude guraso ugari, eta egoera aztertu eta irtenbideak bilatzeko asmoarekin elkartu dira hainbat herritan Altxa Burua izeneko taldeetan. Okondoko guraso taldeko kide Jon Serranorekin hitz egin du ALEAk, egin dituzten gogoetak eta aurrera begirako ekimenak jasotzeko.
Zergatik erabaki zenuten elkartzen hastea?
Ikusten ari ginen umeei 12 urte betetzean, edo institutuan hastearekin batera, sakelako telefono bat oparitzen zietela, eta, gureak ere adin horretara gerturatzen ari zirela, mugitzea erabaki genuen. Ez geunden ados erabaki horrekin, ez zitzaigun aproposa iruditzen, eta momentu hori nola atzeratu zitekeen ikertzen hasita, hainbat aukera ikusi genituen. Katalunia aldean, hainbat familia whatsapp eta telegram bidez elkartzen hasi zirela ikusi genuen, eta bat egiten zutela guk geneukan asmoarekin. Hori estatu osora hedatu da, eta gaur egun nahiko mugimendu handia dagoela ikus daiteke. Euskal Herrian ere, duela bost bat urte Zarautzen Guk 16 eta Tolosan Altxa Burua izan ziren aitzindariak. Mugimendu horiek ezagutu genituen, nolako antolakuntza eta zer pauso ematen hasiak ziren, eta Okondo herri txiki honetan gauza bera egiten hastea erabaki genuen.
Zein da gurasoen artean aipatzen den kezka nagusia?
Ugari dira kezkak. Baina azaleratzen den nabarmenetako bat da nerabea taldetik kanpo geratzearen ardura; hasieran beldurra genion hain hedatuta dagoen sakelakoa ez izateagatik taldean baztertuta geratuko ote ziren. Gure seme-alabak kanpoan geratzea motibo horrengatik. Gero, pantaila aurrean jarrita, horren beste aldean dagoena ez ezagutzea ere bada kezka; noski, umeek agerian dagoena ikusten dute, baina ez horren atzean dauden arrazoiak edo helburuak, eta gurasoak horren beldur ginen; ez jakitea gure seme-alabak nolako web orrialdeetan sartzen diren edo zein informazio jasotzen duten. Guk ere geure burua ez genuen prest ikusten, eta nolabaiteko formakuntza teknologikoa behar izan dugu.
Garrantzia ematen diozue mugikorra izateko adina atzeratzeari, baina horren aurretik askok dagoeneko erabili dute etxean...
Smartphonearekin 15 bat urte daramagu, eta orain arte ez da egon benetako ikerketarik. Urte batzuk behar izan dira zer ondorio dauden ikusteko, eta dagoeneko argi dago ondorio latzak dituela, 12 urteko ume bat ez delako gai telefonoak ematen digun guztia kudeatzeko. Jakinda ez dela jolas bat, atzerapenaren prozesu hori garrantzitsua da, eta ez egun batetik bestera; prozesu bat izan behar da, beraiekin batera egoten hasten dena, mugikorra beraiekin erabiltzen, eta etapa batzuk finkatzen, zenbait gidatan zehazten dutenez. Hasieran daturik gabeko mugikorrak erabiliz, eta inoiz ez jendearen aurrean ez diren lekuetan. Zentzuzko erabilera eginda, azken batean. Eta argi utzita ezin dutela 14 urte izan arte Whatsappik edo Tik-tokik erabili, legeak hala zehazten duelako.
"Ez da egun batetik besterako kontua, haiekin landu beharreko prozesu bat baizik"
Zer nolako erantzuna ematen dute haiek?
Gure kasuan, esaterako, aspaldi lehenengo sakelakoak parkera heldu zirenean, lagunen batek zortzi edo bederatzi urte betetakoan, gureak ere eskatzen zigun, eta 12 urte bete arte itxaron behar zuela esaten genion, joera hori zelako orduan. Horiek bete baino lehenago atzera egin behar izan genuen eta gauzak ondo azaldu, edo behintzat gure iritzia zein den azaldu. Ondoan dagoena ikusita, noizean behin ateratzen du gaia, igual amorru momentu batzuk ere baditu, baina horretan garrantzitsua da taldea, momentu zail horiek errazagoak dira; askotan partekatzen dugu etxe barruko esperientzia, eta lagungarria da. Halere, gero eta informazio gehiago dago gaiaren inguruan, eta uste dut haurrak ere gai direla ulertzeko.
Helduek ere eredu izan behar dute telefonoaren erabileran?
Bai, noski. Mugimendu honetan sartzeak ere kontziente izateko balio izan digu. Batzuetan esaten digute teknologiaren kontrakoak garela, eta ez da hala, teknologiaren erabilera aproposaren aldekoak baizik. Ezin diezu eskatu seme-alabei zuk zeuk egingo ez duzun gauza bat; eredu eta adibide izan behar duzu. Jakin noiz erabili, noiz ez, eta zertarako. Ohiturak pixkat aldatzearekin nahikoa izaten da. Etxean, esaterako, otorduak errespetatuz eta ordutegi batzuk jarrita. Arratsalde partean amatatu egiten da, baina familiako guztiok; eta umeek telefonoa izan ez arren, gurasoek nola egiten duten ikusten dute. Edo mugikorrak kajoi batean sartu, eta deiren bat dagoenean hartu. Zertarako egon momentu oro begira eta despistatzen? Eredu izan behar dugu eta kontziente izan zer nolako erabilera egiten dugun.
Etxetik kanpoko jarraipena izango da zailena, ezta?
Bai, gu ez gara adituak, baina badugu esperientzia. Eta ikusten dugu halako gailu bat agertzen denean, gehienetan atzetik doazela. Igual kontsolatzen nau nahiago dudala nire semea beste baten pantailaren atzean begira egotea berea beharrean, baina tira... egia da, eta pena pixkat ere ematen du. Ez baita bakarrik pantailari begira zer ari diren egiten, baizik eta zer egiteari uzten dioten, eta beharbada elkarrekin hitz egitea da galtzen duten gauza garrantzitsuetako bat.
Garai batean telebistari "kutxa tontoa" deitzen zioten...
Pareka daiteke, baina uste dut distantzia handia dagoela bata eta bestearen artean. Telebista familian egiteko plan bat izan daiteke, familian denbora pasatzeko une polit bat, eta aukeratutako programa edo pelikulak eztabaida ekarri dezake gero. Mugikorrak, aldiz, zuk aukeratu ez duzun scroll infinitua dakar, bideo oso laburrak etengabe ikustea. Momentuko satisfakzio horretara ohitu egiten gara, dopamina txute handi horretara, eta gero eta zailagoa da edozein gauza egiteko tarte luzeagoa eskaintzea, eta are zailagoa oraindik heldu gabeko 12 urteko garun batentzat. Ikerketen arabera, dena egiten zaie astuna edo aspergarria, ordu eta erdiko pelikula edo antzerki bat luzeegia da, eta zer esanik ez irakurtzea, jarduera motela baita... Berehalakoa eta arina izan behar du.
Eskoletan zer erabaki hartu beharko litzateke?
Guk beti esan dugu mahai honek hanka batzuk dituela, eta ez dela bakarrik gurasoen auzia. Hezkuntza zentroek eta agintari politikoek ere badute zer esan. Arazo bihurtu den gai honi aurre egiteko modua da elkarrekin aritzea. Ikastetxeetan, batik bat DBHtik aurrera, arazo kudeaezina da, araudi askotan mugikorra debekatuta dagoela jasota egon arren, gehienek gainean daramatelako, eta arazoak dakartzalako horrek, eta ez patioan bakarrik. Baita mugikorrari lotutako jazarpenak ere. Horren aurrean, irakasleak jokoz kanpo sentitzen dira. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila zentro bakoitzak bere araudia izateko askatasuna ematearen aldekoa da, eta horrekin ez datoz bat ikastetxe eta institutuak, nahiago dutelako goitik datorren araudi orokor bat aplikatu ahal izateko. Gure ustez, autonomia hori baliatuta, badute aukera ikastetxeek mugikorraren erabileraren inguruko erabaki zorrotzak hartzeko eta sakelakoa eskolatik kanpo geratzea erabakitzeko, leku askotan egin den moduan. Horretarako, noski, hezkuntza komunitate osoaren elkarlana behar da.
Hilabete gutxi daramazue, baina nabaritu duzue aurrerapausorik?
Gaiaren inguruko kezka zabaldu da, eta taldearen berri eman dugu behintzat. Gero eta jende gehiago batzen ari da Whatsapp edo Telegram bidez egindako taldeetara, eta hedabideen bitartez lortu dugu ezagun egitea gure inguruan. Ekintzak aurrerago etorriko dira. Lehenengo helburua da norberak eta norberaren semeak edo alabak mugikorra ahalik eta beranduen erabiltzen hastea; gauza batzuetarako erabili daiteke, baina beti gainbegiratuta eta laguntzarekin; elkarrekin begiratu ditzagun, adibidez, futbol emaitzak edo eguraldi iragarpena... Hurrengo pausoa ikastetxeak mugikorrik gabeko leku bilakatzea da, arnasgune izatea. Eta, adituei kasu eginez, hori legez araututa izatea. 16 urte bete arte itxarotea, sakelakoa erabiltzeko prest egon arte. Eta, batez ere, konturatzea zein den benetako beharra eta zein guk sortutakoa. Horren alternatibak badaude, besteak beste, Irternetara sarbiderik gabeko telefonoekin edo GPS-aren antzerako erlojuekin. Okondon hasi gara eta Aiaraldera ere egin dugu jauzia, hainbat ikastetxek interesa agertu dutelako.