Amurrioko Udalak "alde bakarrez kendutako diru laguntzaren auzian", Aiaraldea Komunikabideak eskaera ofiziala tramitatu du Eusko Jaurlaritzan, Josune Irabien Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak "bitartekari lanak" egin ditzan udalaren eta komunikabidearen artean.
Hedabideak ohar batean gogora ekarri duenez, uda hasieran 1.700 herritar eta entitatek eskatu zioten Amurrioko Udalari "bi aldeen arteko bilera ahalbidetzea eta eskualdeko euskarazko komunikabide bakarrarentzako diru laguntza ahalbait arinen berrezartzea". Eskaera hori berresteko, ekainaren 21ean agerraldi herritar jendetsua egin zuten udaletxearen aurrean.
Deialdi horretan, irailaren 21era arteko epea eman zioten udalari "gatazka konpontzeko urratsak emateko". Epe hori igarota, udalak "uko egin dio" komunikabidearekin biltzeari, "eta ez du inolako beste urratsik eman".
Egoeraren "larritasunaren" aurrean, komunikabideak hilabeteko "bitartekaritza prozesua" irekitzea erabaki du, eta mediazio lan hori egiteko eskaera ofiziala egin dio bederatzi urtez Amurriko alkate izandako Irabieni. Hain justu, Euskara zuzendari berriarri dagokion funtzioetako bat "euskarazko hedabideak indartzeko eta sustatzeko ekimenak bultzatzea" da, Aiaraldea Komunikabideak azpimarratu duenez. Are, alkate izan zenean, Irabienek "lehen eskutik" ezagutu zuen komunikabidearekiko elkarlana. Hori dela eta, zeregin honetarako "pertsona egokia" delakoan dago hedabidea.
Aiaraldea Komunikabideak apirilean izan zuen Amurrioko Udalaren erabakiaren berri, eta, ordudanik, hainbat aldiz ahalegindu da egoera bideratzen, baina ez dute lortu. Beste behin, eskatu dute "gatazka are gehiago ez larriagotzeko" eta euskara sustatzeko proiektuak egun bizi duen finantzaketa defizitari aurre egiteko. Bitartekaritza prozesua urriaren 31ra artekoa izatea aurreikusi dute.