"Ba al dakizue pottoka, sasiardi, apigorri-ahuntz edo behi terreña gutxiago dagoela otsoak baino? Bidezkoa da otsoa muturreraino babestea ardiak, ahuntzak, txahalak, moxalak aintzat hartu gabe? Otsoak babes berezia behar badu, gure ganaduak zergatik ez?". Galdera horiek luzatu ditu Julen Martinez de Santos abeltzainak, igandean ospatu den Amurrioko Artzain Egunean. UAGAk deituta egin duten kontzentrazioa. Bertara eraman dituzte, gainera, otsoek iragan astean Kuartangon egin duten azken erasoan hildako sasiardi arrazako ardiak.
Martinez de Santosek salatu duenez, ostiralean bertan, etxetik gertu, hesitutako lursail batean, 28 sasiardik osatutako artalde batek eraso bat jasan zuen; "horietako zortzi hil zituzten eta datozen egunetan hilko diren 18 zauritu".
Otsoaren eta abeltzaintza estentsiboaren arteko elkarbizitza ezinezkotzat jo dute abeltzainek, eta otsoak eraso egin dituen tokietatik "eramatea" exijitu dute. "Asko hitz egiten da Felix Rodriguez de la Fuenteri buruz, baina gutxik gogoratzen dituzte honelako esaldiak: "Otsoak ahal duen lekuan eta behar duen lekuan bizi beharko du".
Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen otsoaren plana kritikatu du Martinez de Santosek. Azpimarratu du sektorearen ekarpenak ez dituela kontuan hartu; eta otsoen erasoetatik babesteko proposatzen dituen neurriak ez direla eraginkorrak.
Artzainei omenaldia
Amurrioko Artzain Egunak, ohitura jarraiki, lau abeltzain omendu ditu: Felix Etxezarreta, Mila Iturriaga, Jose Miguel Iturrate eta Vitoriano Gotxi Olabezarra. Jardunaldia osatzeko, ardien eta aharien laginak, abeltzaintza lehiaketak eta gazta dastatzea antolatu dira.
Arratsaldean, Justo Furundarena oroimenezko artzain txakurren lehiaketa izan da, baina lehenago nahi izan duenak ardi-gisatua dastatu ahal izan , euro bateko prezioan, eta Boilurreko sukaldari boluntarioek egin dute. Guztira 90 kilo ardi egin dira, 750 anoa egiteko.