Bosgarren aldiz, minbiziaren aurkako martxa egingo da Amurrion, Aurreraka Emakume Elkartearen eskutik. Amurrioko Udalaren eta Arabako Minbiziaren Aurkako Elkartearen laguntzarekin antolatu dute, eta irailaren 29an, igandez, izango da martxa, 10:00etan. Jasotako diru guztia minbizia ikertzeko erabiliko da.
Zabalik dago izen emateko epea, eta modu askotara egin daiteke. Aurreraka Bulegoan (Kultur Etxeko lehen solairuan) eman daiteke izena aurrez aurre, 11:00etatik 13:00etara. Bestalde, izena emateko aukera izango da Laudio eta Amurrioko azoka edo merkatuetan, Artzai Egunean edo ibilaldiaren egunean bertan Juan de Urrutia plazan. Internet bidez ere eman daiteke izena, izen abizenak eta NAN zenbakia bidalita amaurreraka@gmail.com helbidera, eta 10 €ko transferentzia eginez Kutxabanken, ES59 2095 3258 2310 9146 7299 kontu zenbakian.
Juan de Urrutia plazan hasi eta amaituko da ibilbidea, eta zazpi kilometro izango ditu guztira. Bidean hornitzeko postuak ere izango dira prestatuta. Jarduera "ludikoa eta kirol arlokoa" dela gogorarazi dute antolatzaileek, ez lehiakorra.
Laguntza psikosoziala Amurrion
Laster zabalduko da, astelehenero, Arabako Minbiziaren Aurkako Elkarteak Amurrion eskaintzen duen laguntza zerbitzua. Herriko Kultur Etxean izango dira elkarteko profesionalak behar duten pertsonak artatzen.
Doakoa da elkarteak ematen duen laguntza zerbitzua, eta laguntza psikologiko eta sozialaz gain, material ortoprotesikoa ere ematen diete behar duten pertsonei, izan ohe artikulatuak, gurpil aulkiak, taka takak edo bestelakoak
Tailer eta hitzaldiak ere antolatzen dira bizitza osasuntsuaren inguruko hainbat gairi buruz, eta datorren irailaren 19an izango da hurrengo adibidea. Izan ere, "Bazkari eta askari osasungarriak" izeneko hitzaldia emango dute 19an, 17:00etan, Kultur Etxean. Arabako Minbiziaren Aurkako Prebentzioko arduraduna den Naikare Diazek modu osasungarrian jateko aukerak erakutsiko ditu bertan.