Osasun sistema publiko "ahul eta prekarioaren" aurrean, borrokarako deia egin dute 1.300 lagunek

Aiaraldea.eus 2024ko abu. 30a, 14:45

Osasun sistemaren defentsan egindako mobilizazioa. Argazkia: Aiaraldeko Greba Batzordea

1.300 lagun inguruk parte hartu dute gaur arratsaldean eginiko mobilizazioan, Laudion jazotako azken heriotza salatzeko. Herritarrek eta osasun langileek adierazi dute “kezkaz” bizi dutela Osakidetzaren egoera.

“Geroz eta maizago ari gara sufritzen osasun sistema publiko ahul eta prekario batek eragin ditzakeen ondorioak”. Hori azpimarratu dute gaur arratsaldean eginiko mobilizazioan, Laudion jazotako azken heriotza gogora ekarriz. Izan ere, pasa den astean Laudioko herritar bat hil egin zen bihotz-gelditze baten ondorioz, medikurik ez zegoenean herriko Zainketa Intentsiboetarako Unitate mugikorrean. Hori salatzeko elkarretaratzea egin zuten larunbatean, Laudioko jaien testuinguruan. Gaur, aldiz, eskualdeko mobilizazioa egin dute, eta 1.300 lagun inguru batu dira bertan.

Osakidetzaren egoera orokorra salatu dute. Besteak beste, nabarmendu dute ez zaiola behar besteko aitortza ematen osasun langileek egiten duten lanari: “Mediku, erizain, zelari edota administrazioko langileok talde bat osatzen dugun heinean, gutako bat falta den bakoitzean besteon lan karga eta arduretan eragina du. Ezin dugu onartu erizain edo administrari batek mediku batek dituen zeregin eta funtzioen ardura bere gain hartu behar izatea”.

Manifestazioaren amaieran hitz egin duten herritarrek eta osasun langileek argi utzi dute “kezkaz” bizi dituztela egoera hauek guztiak: “Urduri gaude, amorratuta eta haserre gure beharrak asetzeko nahikoa baliabide jartzen ez direla ikusten dugulako”. Eta hori gutxi balitz, ahotsa altxatzen duten bakoitzean “ez entzunarena egiten dutelako honen arduradunek”.

"Egoera zail horren aurrean", baina, “antolatuago” eta “indartsuago” ikusten dute haien burua, borrokan jarraitzeko, "egoera honi aterabide bat emango dioten neurriak exijitzen jarraitzeko. Halaber, gogoratu dute kalera irtetea bezain garrantzitsua dela osasun-zentroetan egunerokoan gertatzen diren egoerak formalki salatzea: “herritar guztiak animatzen ditugu osasun-zentroetan gertatzen diren egoerak (langile-falta, hitzorduen atzerapenak, etab.) salatzera, zentroetan dauden erreklamazio-orrien bidez”.

Era berean, datozen aste eta hilabeteetan Aiaraldean egingo diren "osasun publiko eta duinaren aldeko batzar eta dinamikekin bat egiteko deia" ere egin dute. Nabarmendu dutenez, "irmoki" jarraituko dute borrokan, "osasun sistema publiko eta duina lortu arte".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago