Nerbioi ibaiaren bazterretatik egindako osteratxoa proposatu du Txani Rodriguez idazleak (Laudio, 1977) udarako. Haren herrian hasi eta Amurriora arteko ibilaldi lasaia, oinez zein bizikletaz egiteko aproposa. Zortzi kilometro horietan, izaera industriala landa eremuko arrastoekin batzen da, egungo faktorien eta garai bateko baserrien lekuko. "Interesgarria da paisaia aldaketa hori; lantegiak batetik, eta zenbait baserri bestetik. Industrializazioaren ondorioz erabat aldatu zen Laudio, baina oraindik bada landa bizitzarik".
Trenari jarraituta, Laudio eta Amurrio arteko edozein tren-geltokitatik has daiteke ibilbidea, tartean den Luiaondon esaterako. "Motzagoa prestatu daiteke ibilaldia, baina nik Laudion hasiko dut; Gardean bertan kontraste handiko eremuak daude, interesgarriak". Besteak beste, inauguratu berri duten Aiaraldeko Ekintzen Faktoria bisitatu daiteke Gardea industriagunean bertan, hamaika jardueraren topaleku dena, kulturarako sorgune eta oholtza.
Azkenaldian, ordea, industriagunetik bestelako albiste kaskarragoak ere heldu dira. Tubacexen izan daitezkeen kaleratzeak "larritasunez" bizi izan ditu eskualdeak, Rodriguezek gogoratu moduan. EAEko Auzitegi Nagusiak horiek baliogabetzeko aste honetan hartutako erabakia, halere, "pozik" hartu dute, eta lasaitasuna ekarri du. "Kezkatuta geunden, lanpostu asko direlako eta familia askori eragingo zielako; Aiarak asko sufritu du aurreko industria-birmoldaketarekin". Institutuan zebilen garai hartan Txani Rodriguez, aita Aceroseko langilea zuen, eta ondo gogoan ditu protestak eta greba egunak. Déjà vu sentsazioa ezin izan du gainetik kendu, zonaldeko langabezia datu kaxkarrak ezin ahaztu. "Gertutik sufritu genuen. Ezinegona. Lehen lanpostuak egonkorragoak ziren, eta hori galtzea latza zen. Orain ere bada, noski, eta uste dut laudioar guztiak gaudela kezkatuta egoera honengatik".
Laudioko industriaguneko protesta horien lekuko ere bada Irune, Rodriguezen Los últimos románticos azken eleberriko protagonista; paper-fabrikatik kaleratzen dituzten beharginekin batera parte hartuko du mobilizazioetan.
Liburuan ez ezik, Laudioko paisaia horiek zineman ere lekua izango dute laster, pelikula ere prestatzen ari baitira. "Pelikularako lantaldea antolatu dute, eta hurrengo lanekin hastear daude. 2023rako izango da amaituta pelikula", gogoratu du. Eta, bienbitartean, ahoz ahokoak indartsu jarraitzen du eleberri arrakastatsuarekin, eta turkieraz eta italieraz ere irakurri ahal izango dira laster.
Zeramika fabrika
Laudioko industria paisaiak utzi duen beste txoko batean ere geldialdia egitea gomendatu du Rodriguezek. Santa Cruz geltoki parean, Laudioko antzinako teila fabrika ikus daiteke, industria-ondare izendatutakoa, gaur egun enpresa txikiak biltzen dituena. Juan Manuel de Urquijok sortu zuen, 1905ean. Zeramikazko produktuak egiten zituzten honetan, 1946. urtean itxi zuten arte; orduan, Aceros lantegiak erabili zuen prozesu metalurgikoetarako adreilu erregogorrak egiteko. "Egitura ondo kontserbatzen du oraindik, eta jatorrizko makineriaren arrastoak ere ikus daitezke".
Industria paisaia atzean utzita, bestelako irudiak ere aurkituko ditu bisitariak Amurriora arteko ibilaldian. Maldarik gabe, bide erraza da, eta familia guztiarentzako aproposa izan daiteke. "Poliki-poliki baserri giroko paisaia batean barneratuko gara, nahastu egingo dira". Naturaz gozatzeko ibilaldia ere bada, tartean lepazuri, ahate edota koartzekin ubidea jarraituta.
Ibilaldian zehar, askotariko pasabideak aurkituko ditu bisitariak, kolore deigarriko plataformak zein ohiko zubiak. Horien artean, XV. mendeko Otazuko zubia da berezienetakoa, Luiaondon. Kokapenagatik, Gaztela eta Bilbo lotzen zituen artilearen bidean estrategikoa zen Luiaondo, eta bultzada ekonomiko nabaria izan zuen inguruak; horren erakusgarri dira garaiko etxebizitza dotoreak.
"Luiaondo igarota, Markixan, lorategi botaniko txiki bat aurkituko dugu", azaldu du Rodriguezek. Mintegi bat izan zen bertan, errepidea egin zutenean albo batera geratu zena, baina oraindik espezie ugari aurki daitezke: palmondoren bat, haritzak, akaziak, haritzak.
Paseoari amaiera emateko, Amurrion, San Roke baseliza inguruko paraje lasaia primerako aukera izan daiteke. Mahaiak eta bankuak, iturriak eta parrillak ere badaude bertan atseden hartzeko.
Hantxe edo igarotako ibaiertzetan irakurtzeko tartea hartzea ere izan daiteke bikaina. Eta hala egingo du Rodriguezek, esku artean duen Ana Malagonen Ez dakit zertaz ari zaren ipuin-bildumarekin. "Ibaiertzean irakurtzea maite dut. Abuztuan Malaga aldera joango naiz, eta han ere horrela egingo dut".
Delikara bidean
Bidearekin jarraitu nahi dutenek, berriz, Delikara gerturatzeko aukera dute, Amurrion hasi eta Nerbioi ibaiaren ertzetik doan ibilbide berdetik abiatuta. Ibilbide honek beste bost kilometroko luzera du, 115 metro eskaseko maldarekin. Ibilbidearen erdia baino gehiago (3,2 km), gainera, bizikletaz egin daiteke. Nerbioi ibaiaren goi-ibarra igarotzen den mendi paisaia inguratuta, belardiak, baso autoktonoak, hariztiak eta hainbat ur jauziren albotik igarotzen da ibilbidea, eta Nerbioi ibaiaren ur jauzi ezagunean du amaiera. Delikako ibilbide berde berrian paratutako osagaien artean, behatokia du bisitariak ur jauziak elkarren segidan ikusi ahal izateko. Gainera, atsedenerako eta aisiarako gune bat egokitu dute Zalborondo harrizko zubiaren ondoan.
Joan den abuztuan amaitu zituzten lanak, eta ibilbide honekin Laudio eta Amurrio lotzen dituen Parke Lineala osatu dute. Horrez gain, aurrera begira, bide hori Urduñarekin lotzea aztertuko du Arabako Aldundiak.