Bi aste falta dira Iguarrakori harrera egin eta Amurrioko jaiak hasteko. Adin eta gustu guztientzako ekitaldiak antolatu dituzte, udalak zein herritarrek, sei egunez jai giroan ibiltzeko. Musika, antzerkiak, kirol jarduerak eta askotariko ekintzak egongo dira.
Jaiak ofizialki hasi aurretik ere, abuztuaren 10ean eta 11an izango da egitaraua, paella eta animazio lehiaketa, marmitako lehiaketa, ur jokoak eta udako zinema, besteak beste. Eta 12an, astelehenez, hasiera emango zaie jaiei 19:00etan izango den txupinazoarekin.
Street light, Oxabi eta DJ Varro arituko dira lehen egunean oholtza gainean, eta abuztuaren 13an Sembrando Kaos, Etxepe, Biziraun Erromeria eta DJ Desi ta presi. 14an Puro Relajo, Jotake Erromeria, ETS eta DJ Blessive. Hilaren 15ean, erraldoien topaketa, Patxi Perezen dantzak plazan eta Beranduegi erromeria. San Roke egunean, 16an, Mi gran noche taldea eta Akerbeltz erromeria izango dira protagonista. Amaitzeko, 17an, enduro txapelketa egingo da Bañuetaibar zelaietan, eta Albina Stardust & Divina Comedia ikuskizunaz eta Kresala erromeriaz gozatzeko aukera izango da.
Aniztasun funtzionala duten amurrioar eta bisitarientzat egokitutako ordutegia izango dute barrakek. Ordu bete gordeko dute egunero, 17:30etik 18:30era, denek parte hartu ahal izan dezaten barraketan. Bestalde, jaien lehen hiru egunetan kontzertuetan jarriko den txosna solidariotik ateratako dirua Hodeilargi elkartearentzako izango da, Ugao-Miravallesen Batten gaixotasunaren aurka egiten duen elkartearentzat.