Amurrioko Udalak muturreko tenperaturei aurre egiteko babeslekuak aurkeztu ditu, beroaren aurkako planaren barruan. Hainbat espazio eta eraikin eskainiko ditu, bost guztira, babesleku klimatikoen sarea osatuko dutenak, herritarrek tenperatura altuak "modu seguru eta erosoan" jasan ditzaten.
Azaldu dutenez, gune hauek bereziki prestatuta daude giro fresko eta babestua eskaintzeko. Udalak pertsona guztiei gomendatu die aterpe klimatikoak erabiltzea, eta arreta berezia jarri du talde zaurgarrienengan, hala nola, haurrak, adinekoak edota gaixotasun kronikoak dituztenak.
Amurrioko Babesleku Klimatikoen Sarea
Amurrioko Udal Liburutegia da lehena, eta 9:00etatik 14:00etara egongo da zabalik. Kultur Etxea ere badago beroari aurre egiteko prestatua, eta 10:00etatik 14:00etara emango du zerbitzua. Nagusien Etxea egun osoan zehar erabiltzeko aukera izango da, 10:00etatik 20:00etara, eta Kiroldegiko sarrera ere eskaini du udalak, goiz eta arratsaldez, ordutegi zatituarekin, 8:00etatik 14:00etara goizean eta 16:00etatik 21:00etara arratsaldez. Bestalde igerilekuak erabiltzera ere gonbidatu ditu herritarrak, muturreko tenperaturei aurre egiteko prestatuta baitaude.
Gasteizko Udalak ere aurkeztu zuen beroari aurre egiteko plana ekaina erdialdean. Tenperatura mailaren arabera alarma mota ezberdinak erabiliko dituzte, eta babesleku klimatikoen sarea ere eskainiko dute hiriburuan.
Amurrioko Udalak infografia bat ere aurkeztu du, babeslekuen informazioa laburbiltzeko.