Euskal Herriko 1.700 elkarte, eragile eta norbanako baino gehiagok bat egin dute Aiaraldea Komunikazioa euskarazko komunikabidearen aldeko atxikimendu kanpainarekin, Amurrioko Udalak euskara hutsezko hedabideari azken hamabi urteetan ematen zion diru laguntza kendu ostean. Ostiralean egin dute agerraldia Amurrioko Udaletxearen aurrean, babes horiek aurkezteko.
Bertaratutakoek hiru eskaera zehatz egin dizkiote udalari. Batetik, Amurrioko Udalak udalerriko zein eskualdeko euskalgintzaren eragileekin elkarlana estutzea, euren aldarri eta proposamenak babestea eta horietan aktiboki parte hartzea, "modu horretan, euskararen biziberritzean eragile aktibo bilakatzeko". Bigarrenik eskatu dute Aiaraldea Komunikabidearekin biltzea, "bien arteko elkarlana berriz martxan jarri eta normalizatzeko". Azkenik, Amurrioko Udalak Aiaraldea Komunikabideari azken hamabi urteetan eman dion diru laguntza berrezartzea exijitu dute, "eta babes ekonomiko horren zenbatekoa eguneratzea, eskualdeko gainontzeko udalek egiten duten ekarpenarekin parekatuz".
Gauzak hala, "dei zintzo bat" egin diote Amurrioko Udalari, "lehenbailehen" eman diezaion bide egindako eskakizunei. Ildo horretan, udaren amaierara arte –irailak 21era arte– eman diote horretarako tartea, eta nabarmendu dute, erantzun positiborik jasotzen ez badute, bestelako urrats batzuk ematen jarraituko dutela.
Patri Pinedo eskubaloi jokalari ohiak eta Manolo Plazak (Amurrioko Olentzeroa) irakurri dute plazan manifestua. Amurrioko Udalaren euskararekiko politika "elkarlan terminoetara" eramatea jarri dute erronka moduan. "Euskara egiazki biziberritzeko, Amurrioko Udalak elkarlana sustatu behar du gizarte zibilarekin; bertako elkarte eta entitateekin, eta eskutik helduta aurre egin behar diogu gure hizkuntzak bizirik jarraitzeko aurrean duen erronka erraldoiari. Garaiz eta prest gaude horretarako", adierazi dute. Guk euskaraz eta Euskal Herrian euskaraz kantak abestuz eman diote amaiera agerraldiari, Ugarte zortzikotearen eskutik.