ELA sindikatuak salatu du erizainak besterik ez direla egongo asteburu honetan Amurrioko Etengabeko Arreta Gunean, medikurik ez baita egongo. Sindikatuak salatu du Basaurin, Zornotzan, Bermeon, Ondarroan eta Lekeition ere egoera berbera izango dela.
Aiaraldean ere ez da aste honetako lehen aldia. Aiaraldea hedabideak jaso du langile eta sindikatuen salaketa, asteazkenean ere ez zelako medikurik egon Laudioko anbulategian. Komunikabideak ere jakinarazi du udan hainbat murrizketa izango direla Osakidetza, ordutegiak murriztu eta zenbait zerbitzu eten egingo baitira Aiaraldean, EAEko beste hainbat lekutan bezala.
Urtarrilean ezbeharra izan zen Laudion, Etengabeko Arreta Gunean. 42 urteko gizon bat hil egin zen osasun zerbitzuan, eta momentu hartan ez zegoen medikurik zentroan, ESK sindikatuak salatu zuenez. Ordutik salaketa ugari egin dituzte herritar eta osasun langileek, eskatuz une oro egon behar duela mediku batek larrialdi zerbitzuetan.
Arazoaren larritasuna ikusirik, SOS Aiaraldea plataformak mahaingurua antolatu du datorren ostiralerako, ekainak 14rako. 19:30ean Laudioko Batzalarrin kalean elkartuko dira, “Aiaraldeako osasungintza sistema publikoa aztergai” izenburupean, eta eskualdeko mediku, erizain eta herritarrek hartuko dute hitza, hausnarketa kolektiboa egiteko Aiaraldeko osasun etxeen egoerari buruz.