Pintada homofoboak salatu dituzte Amurrion

Erredakzioa 2024ko eka. 3a, 16:35

Pintada homofoboak egin dituzte Larrinaga kaleko bankuan. Argazkia: AMURRIO HARRO

Larrinaga kalean, LGTBIQ+ kolektiboaren koloreak dituen bankuan, mezu iraingarriak idatzi dituzte.

Amurrio Harro taldeko kideek salatu dutenez, pintada homofoboak agertu dira Amurrion LGTBIQ+ kolektiboaren koloreak dituen banku batean. Hain zuzen, Larrinaga kalean daude eserlekuak, Juan Urrutia plazaren alboan, eta duela hiru urte margotu zituzten ortzadarraren zein sexu aniztasunaren aldeko koloreekin. 

Aiaraldea.eus hedabideari Amurrio Harroko kideek adierazi diotenez, honakoa ez da bankuak margotuta agertzen diren lehen aldia. "Trans mugimenduaren koloreak dituen bankuan pintada bat agertu zen, margotu eta hilabetera. Baina kasu horretan pintadak ez zeraman mezu iraingarririk".

Amurrio Harro jaia, ostegunean

Gogoratu behar da, ostegun honetan, Amurrio Harroko kideek, Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunaren testuinguruan, Amurrio Harro jaialdia antolatu dutela. Programazioa 12:00etan hasiko da haurrentzako gynkana batekin eta egunean zehar luzatuko da lehiaketak, showak, musika eta bingoa eginez, besteak beste.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago