Urduñan ireki asmo duten hiltegiari 100.000 euroko ekarpena egingo diola iragarri du Laudioko udalak, udalerriko abeltzain eta harategiek bertara animaliak eraman ditzaten. Diru ekarpen hori lau urtetan ordainduko dute, eta azpiegitura berria hamabost urtez erabili ahalko da.
Bedarbide elkartearekin itxitako akordioarekin, Laudioko abeltzain eta harategiek Urduñan Bedarbide elkarteak irekiko duen "Belardi Elikagaien Transformazio Zentrora" eraman ahal izango dituzte abereak, "hilketa lerroko bazkide eta lehentasunezko zerbitzu bihur daitezen".
Modu berean, udalak iragarri du "tokiko lehen sektorearekin lankidetzan eta Bedarbiderekin koordinatuta" elikadura eraldatzeko "eskualde estrategia bat gidatuko duen azpiegitura bat" abiaraziko duela Laudion, horren gaineko xehetasun gehiagorik eman ez badu ere. Aurreratu du "laguntza logistikoa, teknikoa, bideragarritasun analisia, diru laguntzak bideratu, lursail posiblearen kokapena eta azpiegituraren zati bat finantzatzeko" prest dagoela, antza, hiltegi berri bati erreferentzia eginez.
Modu honetan, Laudion hiltegia itxi zutenetik sektoreak bizi duen "egoera zaila" arindu nahi duela dio udalak.