SOS Aiaraldeak elkarretaratzea deitu du Zorroza Gestion de Residuos enpresari jarritako "zigor biguna" salatzeko

Erredakzioa 2024ko mai. 14a, 17:46

Ertzaintza enpresan gertatutakoa ikertzen. Argazkia: ELA sindikatua

Bassirou Dione langilearen heriotza estaltzen saiatu ziren enpresako arduradunak. Maiatzaren 15ean 19:30ean egingo dute protesta enpresaren aurrean, Murgan.

2020ko otsailaren 23an laneko istripu batean hil zen Bassirou Dione, Zorroza Gestion de Residuos enpresako langilea. Lau urte beranduago heldu da epaiketaren ebazpena, enpresako arduradunek delituak onartu dituzte eta akordio batera heldu dira fiskaltza eta akusazio partikularrarekin. Urte eta erdiko kartzela zigorra bete beharko dute, eta 30.000 euroko kalte ordainak ordaindu. SOS Aiaraldea plataformak "zigor biguna" izan dela salatu du.

LAB sindikatuak ere bat egin du asteazkeneko protestarekin, eta gogorarazi du heriotzaren ostekoak "aurrekaririk gabeko larritasuna" izan zutela. Dione zortzi metroko altueratik erori zen, bere ohiko lanpostutik kanpo zebilela. Gertatutakoa ikustean, enpresako kudeatzaileak beste langile batzuk behartu zituen gorpua mugitzera bere ohiko lanpostura hurbiltzeko, eta "mehatxuak eta aginduak" eman zizkien langileei, enpresaren alde gezurretan aritzeko. "Badakizue zer esan behar duzuen, ezta? Zintatik erori dela!". Horiek izan ziren aginduak, sindikatuak adierazi duenez.

LAB sindikatuaren hitzetan "lan esparruko Guantanamo" bat zen Zorroza Gestion de Residuos enpresa, eta ohartarazi du zantzuak daudela oraindik ere hala jarraitzen duela. Azken urteetan enpresa horretan izandako lan baldintzak jarri ditu sindikatuak muturreko prekarietatearen adibide gisa. Egunean 10 orduko nahitaezko lanaldiak eta lan erritmo altuak, langileek arriskuen prebentzioaren arloan inongo prestakuntzarik ez jasotzea, enpresako kudeatzaileen aldetik hitzezko tratu txarrak eta gutxienez eraso fisiko bat, hainbat lan istripu ezkutatzen saiatu izana eta beste hainbat kontu zerrendatu ditu LABek.

Epaiak egoeraren larritasuna aintzat hartzen ez duela argudiatuta, elkarretaratzera deitu du SOS Aiaraldea plataformak. Bihar, asteazkena, 19:30ean enpresaren aurrean, Murgan.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago