Urriaren 7tik ia 35.000 pertsona hil ditu Israelek Gazan eta mundu mailan denetariko ekintzak burutu dira "genozidioaren aurka". Araban ere izan dute oihartzuna protestek, manifestazio ugari deitu dira eta Gasteizko campusean kanpaldia abiatu dute ikasleek aste honetan. Asteburu honetan Laudion izango da Palestinaren aldeko protesta. Gernika Palestina deialdi herritarrak antolatu du mobilizazioa larunbatean, 12:00etan, Laudioko herriko plazan, SOS Rafah lelopean.
Laudioko Udalak ere bat egin du herritarren ekimenarekin eta protestara joateko gonbita egin die herritarrei, Palestinako egoera salatzeko. Adierazi dutenez, Gazan piztutako krisi humanitario larriaren aurrean, Udalak ere eskatu du Israelek "su-eten iraunkorra onartu eta gelditu ditzala palestinarren aurkako indarkeria eta Palestinaren okupazioa" bera.