Arabarren esku egon da Urduña, egun batez

Erredakzioa 2024ko mai. 10a, 09:58

Arrastariko botoa berritzeko ekitaldian parte hartu dute Batzar Nagusietako ordezkariek.

Egun batez, sinbolikoki, Urduña Arabaren agintearen pean egon da, eta beste horrenbeste gertatu da Arrastariko harana osatzen duten kontzejuekin, administratiboki Bizkaian dagoen uriaren esku geratu baitira. Izan ere, senidetasun sinbolo gisa, ordezkari instituzionalek beren aginte makilak partekatu dituzte. 

Besteak beste, Irma Basterra Batzar Nagusietako lehendakaria, Nerea Martinez Cerrillo lehendakariordea eta Anartz Gorrotxategi Lurralde Orekako diputatua izan dira ostegunean Arrastariko botoa berritzeko egin den ekitaldian, eta, logikoa denez, ez da aparteko istilu geopolitikorik izan. Aitzitik, ohi bezala, jai giroan egin dute dena.

1639tik Arrastariko eta Urduñako haranak lotzen ditu jaiak. Maiatzaren 9a —San Gregorio— jarri zuten Antiguako Ama Birjinarekiko urteroko hitzordu gisa, eta haren aurrean berritzen dute botoa. Horretarako, besteak beste, entradillak dantzatzen dituzte, haraneko seme-alabek eta bilobek baino dantzatu ezin dituztenak.

Aloria, Artomaña, Delika eta Tertanga herriek osatzen dute Arrastaria. Historikoki Urduñari lotuta egon diren arren, 1976tik kontzeju horiek Amurrioko udalerriaren parte dira.

Bideoa: ARABAKO BATZAR NAGUSIAK

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago