Aurrekontu arrunta 4,2 milioi euroan handitu du Laudioko Udalak, azken osoko bilkuran 2023ko likidazioa onartu eta gero. Udalak ohar batean aurreratu duenez, orain "aurrekontu kolaboratiboen" bigarren fase bat ireki behar dute, herritarrek udalerriarentzat "lehentasunezkoak diren inbertsio material eta sozialei buruzko hausnarketa komunitarioa egin dezaten".
Auzo Batzar eta Kontseiluetan bildutako proiektu eta proposamenak jasoko dituzte orain, ekaineko osoko bilkuran eztabaida bukatzeraino. Proposamen horiei herritar norbanakoek zein talde politikoek egindako proposamenak batuko zaizkie. Prozesuan "aho bateko adostasuna" lortu ezean, osoko bilkura horretan hartuko dute azken erabakia.
Iñigo Martinez Ogasun zinegotziaren hitzetan, "trantsizio" urte batean egindako "esperientzia pilotua" da hau —udalerrian aurrekontu parte hartzaile deitutakoak izan dituzte orain arte—. Martinezek dio horrekin "herritarren ikuspegia" sartu nahi dutela udal aurrekontuetan.