Artzikirola: Artziniegatik mundura

Ruben Sanchez 2024ko api. 7a, 08:00

Aretoko futbola, errugbia eta eskubaloia dira artzikirolaren abiapuntuan dauden oinarrizko kirolak. Argazkia: RUBEN SANCHEZ

Hiru kirolen nahasketatik sortu zuen artzikirola Jose Ramon Rey artziniegarrak. Ideia hori munduko toki askotara zabaldu da orain. Honezkero hainbat sari eta aitortza jaso ditu, kirolean aniztasuna eta balore positiboen transmisioa bultzatzeagatik.

Artziniegako Jose Ramon Reyk asmatu zuen jolasa kirol bihurtzeko prozesuan dago mundura zabaldu ahala. Ez zuen espero zabaltze hori: lehenik Artziniegako heldu eta umeengana, ondoren Arabara, inguruko probintzietara, Latinoamerikara, Indiara, Japoniara edo Zaballa eta Martuteneko espetxeetara...

Udalerriko kiroldegian egin dugu hitzordua harekin. Berrogei urte daramatza, hiru belaunaldi, kirola eta hezkuntza fisikoa sustatzen herrian: arte martzialak, herri kirolak, atletismoa, aretoko futbola, eskubaloia, eta, azken hamabost urtean, artzikirola. Astelehen arratsalde euritsu honetan, hiru ume eta gaztetxo talde ibili dira kirola praktikatzen.

Beharbada, ingeles batzuek footballa asmatu zutenean ingelesezko izen bat munduan zehar barreiatzea ez zuten hain ezohikotzat hartuko. Bada, une honetan "artzikirol" da hitz bat munduan zehar barreiatzen ari dena, eta berdin da entzuten duten belarriek euskaraz dakiten edo Artziniega eta Euskal Herria mapan kokatzen: Artzi(niegako)kirol-a da jolastuko dutena, eta halaxe izendatuko.

Azken urtean buru-belarri dabil zabaltze lanean Jose Ramon Rey. Baina, nola sortu zuen artzikirola? Hiru mugarri bereizten dira bere kontakizunean.

Lehenik, bere kirolzaletasuna. Rey beti izan da kirolzalea: hamabost urte zituela fabrikan lanean hasi zen; lanetik irten eta motorrez 23 kilometro egiten zituen Zallara, karatea egiteko. Bere ametsa boxeolaria izatea zen, baina inguruan ez zuen horretarako gimnasiorik topatu. Aitak zera esaten zion: "Fabrikatik atera eta ez zaude nekatuta? Zertan joaten zara haraino? Etorri baratzera, orduan!". Berak, ordea, afizioari eutsi zion, eta, geroztik, bestelako ofizioak ofizio, beti ibili da kirolari lotuta.

Bigarrenik, kirola berak egiteaz gain, kirola sozializatzeko bere ahalegina izan da. Duela 40 urte, karate, full contact eta prestakuntza fisikorako gimnasio bat zabaldu zuenetik, Artziniegako hiru belaunaldi ibili dira Reyrekin kirola egiten: gimnasioan, Gure arteko Ama eskolako Hezkuntza Fisiko irakasle, eskolaz kanpoko ekintzetan, kiroldegian, ume, heldu zein hirugarren adineko jendearekin. Hirugarrenik, Reyren jolaserako pausua: kirola joko ala jolas izan liteke, taldekoa ala norbanakoa, titularra ala ordezkoa... "[Jose Maria] Gorordo Bilbon alkate zenean", kirol-animazioa eta jolasak egiteko ikastaro bat egin zuen bertan. Sasoi horretan Hezkuntza Fisikoa ematen zuen eskolan, eta saioetan jolasak hasi zen sartzen.

Artzikirolaren jaiotza

Gauzak horrela, batzuetan, helduen taldeak entrenatzean, talde mistoak zirenean Rey ez zegoen gustura gizon batzuen indarraren nagusitasunarekin. Orduan, aretoko futbolari lehen baldintza berria ezarri zion: baloia eskuekin hartu daiteke, errugbian bezala. Baina orduan ere, "gizonkote batzuek baloia hartzen zutenean, ezin zitzaien baloia hartu, hura puskatu gabe". Orduan, arau berriak ezarri zituen: baloia eskutan edukita beste taldeko batek ukituz gero, baloia beste taldeak hartzen du, falta aterata. Beraz, azkar pasatu beharra dago, eta taldekideek ere desmarkatu behar dute. Helduek ondo pasatzen zuten talde mistoetan, eta hurrengo pausua umeekin probatzea izan zen: bai, jolasak funtzionatzen zuen.

Ideia herriko batzorde batera eramatean erantzun zioten "txorakeriak" utzi behar zituela

Artean, Artziniegan bakarrik jolasten zuten, eta kasualitatez heldu zen lehen "nazioarteko" partida Gordexolaren kontra: geratuta zeuden aretoko futbolean partida bat egiteko, eta une batean partida gelditu zen, berriz hasteko itxurarik gabe. Artziniegakoek esan zieten ea nahi zuten beren jolasean jolastu. Gordexolakoek ere oso ondo pasatu zuten, eta Rey animatu zuten administrazioan aurkeztu zezan.

Herriko kirol batzorde batera joan zen, baina erantzuna ez zen esperokoa izan. Zinegotzi batek hau esan zion: "Hemen gauza asko egiten dira dagoeneko, utzi txorakeriak". Reyk ez zuen etsi. "Pipertu nintzen, eta Gasteizera joan nintzen, aldundira".

Ondoren, orduko diputatu arduradun Lorena Lopez de Lacalle eta teknikariren batzuk hurbildu ziren egun batean Artziniegara, kirol-jolas berria bertatik bertara ezagutzera. Azken proba gisa, San Prudentzio eskolan egun batean erakustaldi bat egin zuten. 2007an jolasa sortu eta 2012an araudia argitaratu zen Arabako Aldundiaren eskutik, euskaraz eta gaztelaniaz.

Artzikirola hiru kirolen nahasketatik sortu zen: aretoko futbola, errugbia eta eskubaloia (baina baita baloiari zapladak ematea volley ballean bezala, eta harrapaketa jolasa ere). Interneten, badira bideo argigarri eta erakusgarriak (euskarazkoak 14.750 ikustaldi ditu, eta gaztelaniazkoak 124.000). Asmoa eta diseinuak helburu bat du: kirol bizi-bizi bat, zeinean taldeko jokalari guztiek beren indar, pisu, adin, bizitasun, argitasun eta abar gorabehera, jolastu eta ondo pasa dezaketen. Badira hori bultzatzen duten arau bereziak ere: talde batek besteari baloia kentzean (falta izena du), falta lortu duen jokalariak ateratzen du, eta berdin penaltia denean (falta bat atezainari, izan ere, atezaina areatik atera eta harago jolastea oso ohikoa da); baloia kanpora ateratzen denean ere, baloia hartzen duenak atera behar du.

Artziniegatik mundura

Reyrekin hizketan ari garen honetan, artzikirola aurkeztekoa da Parisko biltzar batean, Lleidako Unibertsitateko katedradun baten eskutik. Hezkuntza Fisikoan ikasle asko ari da hartzen karrera bukaerako lan gisa, eta masterretan ere Espainiako Estatuan, Latinoamerikan eta hamaika tokitan. Pandemia sasoia baliatu zuen Reyk zabalpenean astindu handi bat emateko: 40 bideo-konferentzia baino gehiago egin zituen. Gaur egun, tokian- tokian dabil batetik bestera Gaztela-Mantxan, Extremaduran, Chiapasen, Madrilen, Monterreyn...

Hainbat sari ere jaso ditu, kirolean aniztasuna bultzatzeagatik; Valentzian, esaterako. Pau Gasol Fundazioak bi artikulu argitaratu ditu artzikirolaren inguruan: baloreen transmisioagatik bat, eta Mutikoak eta neskatoak berdintasunez kirolean, bestea. Rafa Nadalen Fundazioak artikulu bat egin du artzikirola eta integrazio soziala hizpide hartuta. Hizkuntza berriak ere etorri dira, portugesez Brasilen zabaldu da Hezkuntza Fisikoko 1.200 irakaslerentzat; ingelesez Japonian, eta laster Indian.

Eta mundua Artziniegara

Izan ere, eta primizia moduan, Reyk esan digu Munduko Topaketa bat ari dela prestatzen Aiaraldean, bost udalekin elkarlanean. Ideia Mexikon izan zuen, han Ricardo Acuña ezagutu baitzuen, WASG Kirol Emergenteen Munduko Elkarteko presidentea. Osotara, lau kirol izango dira; haietako bik federazioa dute, eta beste biak gorako bidean ari diren kirolak dira; artzikirola da bietako bat.

Asmoa da lehiaz gain formakuntza izatea, hartara, itzuleran 16 urtetik gorako parte hartzaile guztiek tokian-tokian kirolok zabaldu ditzaten. Dagoeneko, ahoz aho zabalduta, etortzekoak dira Galizia, Asturias, Madril eta Zaragozatik, baina deialdi publikorik ez dute egin oraindik. Topaketan egongo den beste kiroletako bat Kabbadi da, India eta Pakistango bertako borroka-kirol bat. Han 200.000 pertsona ere elkartu izan dira borrokaldiak ikusteko. Kabbadi Aiaraldera etorriko da, eta artzikirola Indiara joango da gero. Izan ere, datorren urtean Indiara eramango du Reyk. India da gorako bidean ari diren kirolen erreferente nagusia Asian. Artzikirolak halako zabalpena izango zuela espero zuen galdetuta, zera dio. "Inondik ere ez; urtebete daramat dibulgazioan bete-betean. Duela urte bat arte, harategia izan nuen Amurrion, eta lehenago Gasteizen 2008ko krisiak itxiarazi zigun arte. Horrez gain, emakume zaharrekin defentsa pertsonala lantzen dut, eta beste hamaika gauzatan nabil. Ez nuen espero, baina gauza bat argi ikusten nuen: eskola batean edo bestean probatzen genuenean, maiz irakaslea etorri eta hau esaten zidan: "'Nola lortu duzu ume horrek jolastea? Normalean ez da mugitzen eta'. Eta espetxean ere jende gehien mugitzen duen kirola da artzikirola". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago