Ezbeharra Bilbo eta Urduña arteko ibilbidean gertatu da, igande eguerdian, eta Adif garraio-enpresak sare sozialen bitartez eman du gertakizunaren berri. Zabaldutako mezuan jakinarazi duenez, emakumea "igarotzeko baimenik gabeko puntu batean" zegoen, Amurrio inguruetan, trenak harrapatu egin duenean.
Bertaratutako larrialdi zerbitzuek ezin izan dute ezer egin emakumearen bizia salbatzeko eta Ertzaintzak ikerketa abiatu du istripuaren arrazoiak argitzeko.
Tren zerbitzua bi ordu baino gehiagoz eten behar izan dute, eta autobusak jarri dituzte bidaiariei zerbitzua eman ahal izateko.