Larunbatean Laudioko Eskubaloi Klubak ohar bidez jakitera eman zuenez, Laudioko La Granja Kiroldegian jokatutako gizonezkoen kadete mailako partida batean, epaileak ipurmasailean ipurdiko bat eman zion publikoan zegoen adin txikiko neska bati, bere baimenik gabe.
Gertaera horren aurrean, kirol taldeak "irmo" gaitzetsi ditu gisa horretako jokabideak, eta babesa adierazi dio biktimari eta bere senideei, Ertzaintzaren aurrean salaketa jartzera animatuz. Ertzaintzak ustezko erasotzaileari deklarazioa hartu zion kiroldegian bertan; gaur egungo legediaren arabera, sexu erasoa litzateke egindakoa. Era berean, klubak jakinarazi du entrenatzailea "berehala kanporatu" egin duela taldetik.
Bestalde, Laudioko Udalak iragarri du "adingabea eta familiaren esku beharrezkoak diren baliabideak" jarriko dituela. "Laudion ez dugu eraso sexistarik onartzen, ez kirolean, ez inon", adierazi du Nagore Gomara alkateorde eta EH Bilduko zinegotziak.