Itzelezko indarra duten eta galtza gorriekin ibiltzen diren jeinu ñimiñoak dira iratxoak. Sarritan launaka ibiltzen dira. Galtzagorriak dira leku batzuetan; Intxisuak, Ieltsuak, Ipotxak edo Mamarruak, ordea, beste toki batzuetan. Iratxo txiki horien jabeek ondo gordetzen dituzte, beti daudelako prest agintzen zaien edozein lan egiteko, nahiz eta ezinezkoa iruditu. Añesen bazen behin azti bat mamarruen laguntzaz baliatu zena biztanleak menpe izateko. Egun batean, ezkontzea erabaki zuen aztiak; eta mandatu bat bidali zion alkateari, hurrengo egunerako neska bat presta zezala esanez. Alkateak obeditzea beste erremediorik ez zuen izan, eta Grazia izeneko neska bizkorra aukeratu zuen. Bada, ezkontzatik libratzeko, aztia zelatatzea erabaki zuen Graziak. Bere etxera joan zen, eta leihotik begira zegoela, aztiak igitaiaren heldulekuan mamarruak gordetzen zituela ikusi zuen. Orduan, etxean sartzea eta igitaia lapurtzea erabaki zuen. Korrika irten zen igitaia eskuan zuela, eta aztia atzetik segika zuela. Harrapatzeko zorian zegoenean, Graziak bere indar guztiaz igitaia errepidera bota zuen, eta kirtena hautsi egin zuen. Berehala irten ziren lau mamarruak, eta segundo gutxiren buruan desagertu ziren. Urte askoan, Añesko biztanleak mamarruak harrapatzen saiatu dira, San Joan bezperako gauean igitaien kirtenak zuhaixka baten gainean utziz. Dakigula, ez dute lortu.