"Hizkuntza eskubideen aurkako eraso berria" salatu dute Laudion

Erredakzioa 2023ko abe. 21a, 19:00

Elkarretaratze jendetsua egin dute Laudioko Herriko Plazan. Argazkia: KONTSEILUA

Dozenaka lagun bildu dira Laudion, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak deitutako elkarretaratzean. "Epaileentzat edozerk balio du euskararen normalizaziorako neurriak baliogabetzeko", salatu dute.

Joan den astean ezagutu genuen Laudioko Udaleko lanpostu batean euskara eskakizuna atzera bota zuen sententzia berretsi duela EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Epai hori polemikoa izan zen euskara "hizkuntza zaila" baieztatzen zuelako, interneteko blog batetik kopiatutako argudioak erabiliz.

2022ko otsailean, ehunka pertsona batu ziren Laudion "oldarraldi judiziala" salatzeko elkarretaratzean, eta "batasunetik erantzuteko" deia egin zuten. Horri erantzunez, azaroaren 4an, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, milako pertsona mobilizatu ziren Bilbon.

Manifestazioaren ondorengo egunetan, Hizkuntza Eskubideak Babesteko Protokoloa aurkeztu zuten Kontseiluak, euskalgintzako eragileek eta bestelako eragile sozial, sindikal eta politikok. Ezagutu berri dugun azken sententziaren harira, Aiaraldeko euskalgintzak protokoloa aktibatu zuen, eta, ondorioz, epaiarekin desadostasuna agertzeko elkarretaratzea deitu dute gaur Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, 18:00etan Laudioko Herriko plazan.

 

Eskualdeko zein herrialdeko eragile politiko, sindikal eta sozial ugarik atxikimendua eman diote adierazpenari:

  • Aiaraldeko EAJ
  • Aiaraldeko EH Bildu
  • Laudioko Omnia
  • ELA
  • LAB
  • STEILAS
  • Laudioko Udaleko Langile Batzordea
  • Aiaraldeko AEK
  • Laudioko Udal Euskaltegia
  • Laudio Ikastolak
  • Laudio BHIko zuzendaritza
  • Amurrioko Aresketa Ikastola
  • Latiorro Ikastetxea
  • Urduñako Herri Eskola
  • Mendiko Eskola
  • Zabaleko Ikastetxea
  • Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa Bizirik! plataforma
  • Aiaraldea Koop. Elkartea
  • Basalarrina Euskaltzale Elkartea
  • Hogeitalau elkartea
  • Sorginlarren elkartea
  • Kirikino Atseden Taldea

ADIERAZPENA

Jarraian, Euskalgintzaren Kontseiluak epaiaren aurrean egiten duen adierazpena:

Oldarraldi judizialak ez du etenik. Sententziaz sententzia gero eta argiago geratzen ari da olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafobo honen atzean ezkutatzen den mezua: urrunegi joan zarete eta mugak jarri behar dira.

Edozerk balio du epaitegietatik euskararen normalizazioa sustatu nahi duten neurriak baliogabetzeko: ezin da euskara eskatu "diskriminatzailea" delako, ezin da euskara eskatu "inposizioa" delako, ezin da euskara eskatu "gehiegizkoa" delako, ezin da euskara eskatu "zailegia" delako...

Hain zuzen, zailegitzat jo zuen euskara Laudioko udal lanpostu baterako hizkuntza eskakizuna baliogabetu zuen azken epaileak. Aurrekoa berrestera dator EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia, herritarron hizkuntza eskubideak kontuan ez hartzeaz gain, adituen arabera oinarri juridiko erabat eztabaidagarriak dituena. Esan bezala, edozerk balio du euskararen aurrerabidea oztopatzen saiatzeko.

Beste behin ere, udalek langile publikoei euskararen ezagutza eskatzeko duten eskumena izan dute auzitegiek jo puntuan. Udalek hizkuntza politika egiteko duten eskumenaren aurka jo dute, alegia. Horregatik, gaur eta hemen, ozen salatu nahi dugu botere judizialaren esku-hartzea hizkuntza politiketan, bereziki adostasun politiko eta sozial zabalen gainetik egiten denean eta milaka herritarroi hizkuntza eskubideak, oinarrizko eskubideak, ukatzen dizkigutenean.

Onartezina zaigu, gainera, epai hauek denak lotzen dituen premisa faltsua: lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak elkarren kontrakoak direla, kontrajarrita daudela. Auzia oso bestelakoa denean: elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira. Hizkuntz eskubideak bizimoduko alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen baitira egiazko eskubide, lanean barne. Gehiengo sindikalak sententzia hauen aurrean erakutsitako arbuio irmoa dugu horren froga.

Pasa den azaroaren 4an Bilboko kaleak bete genituen aldarri berarekin atera gara gaur Laudioko plazara. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak deituta, gehiengo sindikala eta langileen ordezkariak, hezkuntzako eragileak, euskaltegiak, udal ordezkari eta alderdiak, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, eta, batez ere, herritar euskaldun eta euskaltzaleak... mezu argi batekin:

Euskaraz bizi nahi dugu eta ez dugu eskubide murrizketarik onartuko!

OLDARRALDIAREN AURREAN

EUSKARAREKIN BAT

EUSKARAZ BAT

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago