Vidrala beirazko ontzien fabrikatzaileak Laudion duen fabrikako hiru labeetako bat itxiko du. Langileen %25i eragin diezaioke erabakiak, hau da, 320 langileetatik 80ri. ELA sindikatuko eta faktoriako zuzendaritzako iturriek EFE agentziari baieztatu diote Laudioko fabrikako tamaina eta edukiera txikieneko labea itxiko dutela.
Astelehenean eman die Vidralako zuzendaritzak bere planen berri langileei, eta langileak aste honetan bertan bilduko dira enpresa batzordearekin, neurri horiek izango duten eragina aztertzeko. Vidralako zuzendaritzak ziurtatu du labea ixtearekin batera "plan ez-traumatikoa" garatuko duela, eta "pizgarriak" jarriko dituela martxan kaleratuko dituzten langileentzat, tartean borondatezko bajak.
ELA sindikatuak azaldu duenez, enpresak 184,6 milioi euroko irabaziak izan zituen urtarriletik irailera bitartean, iazko epe berean lortu zituen 78,2ak baino %136 gehiago. Laudion du egoitza nagusia Vidralak, nahiz eta Castellar del Vallésen (Bartzelona, Katalunia) eta Caudeten (Albacete) ere lantegiak dituen. ELAren arabera, "euskal enpresa" Portugalen inbertsioak indartzen ari da, Iberiar penintsulako beirazko laberik handiena erosi baitu bertan, 100 milioi euro inguruko inbertsioarekin.
Vidralaren salmentak, aurtengo urtarriletik irailera, 1.194,1 milioira igo dira, aurreko urteko aldi berean baino %17,4 gehiago. Hala ere, "eskariaren ahultasunaz" ohartarazi du enpresaren zuzendaritzak. Hala eta guztiz ere, Erresuma Batuan inbertsioak egingo dituela esan du, eta Brasilgo Vidroporto sozietatean ere parte hartuko duela iragarri du, "gero eta handiagoa den merkatu brasildarrean" duen partaidetza handitzeko.