Beste bi langile epaitu dituzte Tubacexeko greban parte hartzeagatik

Erredakzioa 2023ko urr. 11a, 12:30

Tubacexeko langile batek hiru urte eta hamar hilabeteko espetxe zigor eskaerari egin behar izan dio aurre, eta hamalau hilabeteko eskaera fiskalari besteak. Lankideek absoluzioa eskatu dute Gasteizko epaitegien aurrean.

Bata bestearen atzean iristen ari dira duela bi urte greba mugagabea egin zuten Tubacexeko langileen aurkako epaiketak. Asteazken honetan, beste bi behargin epaitu dituzte Gasteizko Justizia Jauregian. 2021eko otsailaren 23an, Tubacexeko greba lehen aldiz iritsi zen hedabide handien agendara, grebalarien eserialdi baketsu bat liskarrekin, zauritu ugarirekin eta atxilotuekin amaitu zelako.

Egun hartan atxilotutako langileetako bat ekainean epaitu zuten, baina gaur izan da beste bi lagunen aurkako epaiketa. Fiskaltzak hamalau hilabeteko espetxe zigor eskaera egin du bientzat, agintaritzaren kontrako atentatua egotzita; horrez gain, ertzainei lesioak eragitea leporatuta, isun ekonomikoa eskatu diete ere.

Hala ere, langileetako baten aurka zigor gogorragoa eskatu du akusazio partikularrak, hainbat ertzainen abokatuak: urte eta erdiko espetxe zigor bikoitza agintaritzaren aurkako bi atentatu egotzita, bost hilabeteko kartzela zigor bikoitza erresistentziaren akusaziopean, eta kalte-ordainak ustezko lesioengatik. Hau da, bi langileetako batek guztira 46 hilabeteko —hiru urte eta hamar hilabete— zigor eskaerari aurre egin behar izan dio.

Bi langileek beren lankideen elkartasuna jaso dute Gasteizko epaitegien aurrean. Izan ere, 10:30ean, Tubacexeko grebaren harira auzipetutako pertsona guztien absoluzioa exijitzeko elkarretaratzea egin dute, Langile borroka ez da delitua! lelopean. 09:30ean, gainera, Amurriotik eta Laudiotik autoz joateko kedadak egin dituzte.

Testua: Arabako ALEA / Argazkiak: Hala Bedi

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide