Marihuana plantazio-laborategi bat desegin dute Aiaraldean

Erredakzioa 2023ko urr. 4a, 11:30

Ertzaintzak 65 urteko gizon bat atxilotu du Aiaraldeko baserri batean, "marihuana usain handia" nabaritu eta hura miatzean plantazio-laborategi bat aurkitu ostean.

Aiaraldeko baserri batean marihuana plantazio-laborategi bat aurkitu, hura desegin, eta 65 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak larunbatean, baita 37 urteko beste gizonezko bati eginbideak ireki ere, ikertu gisa, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu batengatik.

Asteartean zabaldutako polizia oharrean azaldu dutenez, instalazioa marihuana landareak indoor hazteko eta garatzeko prestatuta zegoen, eta kontzentrazio handiko haxix erretxina —Rosin izenez ezaguna— ekoizteko elementuak zituen. Guztira, lau kilo marihuana kukulu eta 250 landare konfiskatu dituzte, aipatutako erretxinaz gain. Gainera, atxilotuari argindarrarekin iruzur egitearen delitua leporatu diote ere, ustez, sarera legez kanpo konektatuta egoteagatik.

Atxilotua astelehenean eraman zuten Amurrioko epaitegira, zegozkion polizia-eginbideak amaitu ondoren. Epaileak aske utzi du, hilero hilaren 1ean eta 15ean egoitza judizialera agertzeko baldintzapean.

"Marihuana usain handia"

Laudioko Ertzain-etxeko agenteek larunbat arratsaldean esku hartu zuten, baserri batean "marihuana usain handia" nabaritu ondoren. Jabea aurkitu eta identifikatu zuten, baita osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzi ere, baserrian aurkitutako elementuak direla eta: besteak beste, marihuana landareak hazkunde fase ezberdinetan, haziak, lehortegi batean adarrak, kukuluak zituzten ontziak, argi elementuz eta aireztapen sistemaz hornitutako armairuak, eta landareen hazkuntzarako produktuak.

Eraikina zorrotzago miatu zutenean, 200 marihuana landare baino gehiago aurkitu zituzten hiru armairutan; beste gela batean, kukuluak eta erretxin substantzia bat zuten kristalezko 30 bat pote topatu zituzten; sukaldeko hozkailuan, erretxinez betetako pote gehiago; eta mahai baten gainean, haziz betetako poteak ere. Bestalde, goiko solairuan, ganbaran, "lehortegi moduan" erabiltzen ziren beste bi armairu aurkitu zituzten, eta bertan 85 adar inguru zeuden zintzilik.

Plantazioa eta laborategia

Segituan, merkatu beltzean 100 eurotik gorako prezioa duen eta %60tik gorako THC kontzentrazioa duen Rosina egiteko beharrezko tresnak aurkitu zituzten aldameneko pabiloian; horien artean, plantaziotik lortutako loreak purutasun eta kontzentrazio handiko haxix erretxin bihurtzeko erabiltzen zituzten hiru zentrifugagailu. Horrekin batera, hozkailu batean eta izozkailu batean, haxix plakak egiteko metalezko moldeak aurkitu zituzten, baita marihuana kukulu freskoak zituzten beste 30 bat poltsa ere.

Beste pabiloi batean baratze bat zegoen, 20 landare inguru topatu zituzten. Gainera, lorategi eremu batean, ereiteko tokiak eta negutegi bat zeuden, landare gehiagorekin. Horrez gain, ertzainek egiaztatu zuten plantaziorako argindarra legez kanpoko konexio batetik hartuta zegoela.

Bigarren inplikatua

Atxilotuaz gain, ustezko bigarren inplikatu bat ikertzen ari da Ertzaintza. Izan ere, 37 urteko beste gizon baten etxean, Laudion, 400 bat gramo marihuana eta haxix, erretxinez betetako kristalezko dozenaka pote, hiru doitasun-balantza, Rosina egiteko tresnak, alkohol txanbil bat eta ongarria aurkitu zituzten, besteak beste. Egoitza judizialera agertzeko zitatu zuten astelehenean, atxilotuarekin batera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide