Euskara izango da protagonista "bakar eta nagusia" Laudion

Erredakzioa 2023ko ira. 26a, 09:31
Euskararen aldeko aldarriak beste behin beteko ditu Laudioko kaleak. Argazkia: LAUDIOKO UDALA

Asteburuan Euskaraz Bizi jaia ospatuko dute herrian. Hainbat tokiko eragile eta erakundek prestatu dute programa, udalarekin batera. 

Ahobizi eta belarriprest rolak modu agerian bueltan egongo dira Laudion, hilaren 29 eta 30ean Euskaraz Bizi jaia ospatuko baitute herrian.

"Herritarrek jardueretan parte hartzea eta euskaraz egitea da asmoa, hau da, euskaraz bizi leloari heltzea. Horregatik, ahobizi edo belarriprest rola hartzera gonbidatzen ditugu parte hartzaileak", esan du Nagore Gomara Hizkuntza Politiketako zinegotziak jardueren aurkezpenean.

Laudioko Udalarekin batera, hainbat tokiko eragile eta erakundek parte hartu dute "euskara protagonista bakar eta nagusi" duen jarduera programaren prestaketetan. Basalarrina, Areta, Ikastola, La Milagrosa, Lamuza eta Latiorro ikastetxeetako guraso elkarteak, Aiaraldea, Kirikino, Suziri, Pinpili eta Sorginlarren.

Programa ostiralean abiatuko da 17:00etan, Laudioko ikastetxeek antolatutako tailerrekin: Aretako eskolak Altamira plazan egingo ditu tailerrak, Laudio ikastolak Alberto Acero plazan, Latiorro Ikastetxeak Goikogane kaleko parkean, eta Lamuza eskola eta La Milagrosa ikastetxeak Granja plazan. 19:00etan karaokea, txokolatada eta buruhandiak izango dituzte, eta 20:00etan film laburren lehiaketa egingo da. 21:00etan  trikipoteoa hasiko dute Udaletxe plazatik.

Larunbat eguerdian Nafarroa taldeak kantu kalejira hasiko du. 14:30ak aldera herri bazkaria egingo dute elizako arkupean. 19:00etan, berriz, dantza plaza egingo dute, 21:00etan disko jartzaile bat ariko da Herriko Plazan.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide