Langile bat hil da Amurrion, 'in itinere' istripu batean

Erredakzioa 2023ko ira. 20a, 13:20
Hildakoa Ivan Saez de Cortazar saskibaloi jokalaria da. Argazkiak: Google Maps / @txerra_8

Kamioi baten eta kotxe baten arteko istripu larria gertatu da astearte honetan Amurrion, A-624 errepidean, Gasteizerako noranzkoan. Hildakoa lanetik bueltan zegoen Haurreskolak Partzuergoko langilea zela jakinarazi du LAB sindikatuak.

Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zerbitzuak astearte honetako 16:00ak aldera eman du ezbeharraren berri. Segurtasun Sailak baieztatu duenez, kamioi batek eta kotxe batek aurrez aurre talka egin dute A-624 errepidean, Gasteizerako noranzkoan, Amurrioko Lezama kontzejuan, Bideko jatetxetik hurbil.

Istripuaren ondorioz, autoan zihoan 32 urteko gidaria hil egin da. Mediku batek heriotza baieztatu ondoren, Gasteizko Auzitegiko Patologia Zerbitzura eramango dute, autopsia egiteko. Ingurukoek, sare sozialetan zabaldutako mezuen bidez, oroitzapenezko hitzak eskaini dizkiote hildakoari. Ivan Saez de Cortazar zuen izena, Amurriokoa zen, eta, besteak beste, Tabirako saskibaloi taldeko jokalaria zen, baita Araberri taldeko eta Baskoniaren harrobiko jokalari ohia ere.

46 urteko kamioilariak, berriz, zauri arinak jasan ditu, eta anbulantzia batek Gurutzetako Ospitalera eraman du.

Ertzaintza, suhiltzaileak eta osasun langileak bertaratu dira ingurura. Gasteiz eta Amurrio lotzen dituen errepidea bi noranzkoetan itxi behar izan dute, eta hainbat kilometroko auto-pilaketak sortu dira. 18:00etan, trafikoa A-625 errepidetik desbideratzen jarraitzen zuten ertzainek.

Arabako errepideetan 2023an zehar gertatutako zazpigarren trafiko istripu hilgarria izan da gaurkoa. Ertzaintzak atestatuaren lehen eginbideak abiatu ditu, istripuaren nondik norakoak argitzeko.

Ivan Saez de Cortazar eskuinean, Illunbeko partidu erabakigarriko hutsarte batean. Argazkia: ANBOTO.org

In itinere lan istripua

LAB sindikatuak, asteazken goizean plazaratu duen ohar batean, jakitera eman du gertatutakoa beste lan istripu hilgarri bat izan zela. Izan ere, hildako gaztea lanetik bueltan zetorren Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile ordezko bat zen, Galtzagorri Haurreskolan. Hortaz, auto istripua in itinere izandako lan istripua dela salatu du sindikatu abertzaleak. "Partzuergoko langileen desplazamendu kopuru handiari aurre egiteko berehalako neurriak behar dira, horiek murrizteko egindako proposamenak berehala martxan jarriz: ordezkagunea, permutak, leku aldatzeak...", aldarrikatu du LABek.

Azken 24 orduetan bi lan heriotza gertatu izana salatu du LABek. Amurrion hildakoaz gain, Adunan (Gipuzkoan) 35 urteko emakume bat hil baitzen atzo, traktorea gidatzen ari zela izandako istripuaren ondorioz. Sindikatuak elkartasuna adierazi die hildako bi langileen senide, lagun eta lankideei.

Bi lan istripu hilgarri horiek salatzeko, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek osatutako intersindikalak mobilizazioak antolatuko ditu datozen egunetarako: ostiralean, irailaren 22an, Amurrion gertatutako in itinere heriotza salatuko dute Eibarren, Haurreskolak Partzuergoaren egoitza nagusian, 11:00etan, Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea! lelopean; egun berean, 12:00etan, elkarretaratzea egingo dute Adunako herriko enparantzan.

Behin-behinekotasuna eta mugikortasuna

"Haurreskolak Partzuergoko langileek, eta hezkuntzako beste sektoreetako langileek egunero mugikortasunak eraginda pairatzen duten arriskua eta horrek suposatzen duen prekarietatea" salatu du, bestalde, STEILAS sindikatuak. "Istripu hau in itinere gertatu da. Hezkuntzan ematen den mugikortasuna sakonki aztertu behar dugu desplazamenduak gutxitzeko".

"Hezkunta publikoak errotik aldaketak behar ditu, behin-behinekotasunarekin amaitu eta lanpostuen egonkortzea bermatuz", adierazi du ELA sindikatuak. "Izan ere, arazo horiek zuzenean eragiten diete laneko osasunari eta segurtasunari, hezkuntza publikoko langileei modu eskandalagarrian eragiten dien behin-behinekotasunak lotura estua baitu langileek jasaten duten mugikortasunarekin eta, ondorioz, istripuekin".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide