Gizon bat atxilotu dute Amurrion, aitari arma zuri batekin eraso egiteagatik

Erredakzioa 2023ko eka. 26a, 16:00

Armurulanda Plazako etxebizitza batean gertatu da erasoa. Argazkia: AIARALDEA.eus

Ertzaintzak eta Amurrioko Udaltzaingoak 34 urteko gizon bat atxilotu dute, ustez etxebizitza batean bere aita sastatzeagatik. Biktima ospitalera eraman dute, larri zaurituta.

Astelehen honetako 13:15ak aldera, Ertzaintzari jakinarazi diote liskar bat izan dela Amurrioko etxebizitza batean. Abisuaren arabera, pertsona bat larri zaurituta zegoen arma zuriz egindako eraso baten ondorioz. Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren hainbat patruila bertaratu direnean, baieztatu ahal izan dute gizonezko batek aizto batekin eragindako ebakiak zituela gorputzeko hainbat puntutan.

Berehala, biktimari laguntzeko osasun baliabideak eskatu dituzte, eta, azkenean, larri eraman behar izan dute ospitalera. Bertan zaurituaren semea zegoen, eta atxilotu egin dute erasoaren ustezko egile gisa.

Ertzaintzak ikerketa abiarazi du erasoaren nondik norakoak argitzeko asmoz. Oraingoz, Segurtasun Sailak baieztatu duenez, etxeko indarkeria da hipotesi nagusia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago