Aiaraldean, futbola euskaraz

Erredakzioa 2023ko eka. 20a, 16:30

'Futbola euskaraz' manifestuaren aurkezpena, Laudion. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua

Aiaraldeko hamazazpi kirolari ezagunek, hamabost ikastetxek eta hainbat guraso elkarte, euskalgintzako entitate eta kirol elkartek bat egin dute Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren Futbola Euskaraz manifestuarekin.

Aiaraldeko kirolariek, eskola komunitateak eta euskalgintzak bat egin dute eskualdeko kirolean, bereziki futbolean, euskararen erabilera bultzatzeko. Joan den ostegunean, Laudioko Lamuza Parkeko kirol kantxan, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak Aiaraldean Futbola Euskaraz manifestua plazaratu zuen.

Angela Vadillo futbolari eta entrenatzaileak eta Iñigo Fraile futbolariak irakurri zuten manifestua. Eta, besteak beste, Iñaki Bea Dominikar Errepublikako futbol selekzioko hautatzaileak, Patri Pinedo eta Unai Arrieta eskubaloi jokalari ohiek, Iker Larrazabal pelotariak, Izaskun Bengoa txirrindulari ohiak eta Julen Reketa mendizale eta mendi gidariak eman dute beren atxikimendua.

Horrez gain, Iñaki Aretxaga futbol entrenatzailea, Aimar Amondo pilotaria, Patri Pinedo eskubaloi jokalari ohia, Maria Menoyo trail korrikalaria eta askotariko kiroletan diharduen Aaron Garmendia ere prentsaurrekoan izan ziren.

Guztira, eskualdeko hamazazpi kirolari ezagunen, hamabost ikastetxeren, hiru guraso elkarteren, euskalgintzako bost entitateren eta kirol elkarte baten atxikimendua du, oraingoz, ekimenak. Gainera, manifestua bera kanpaina zabalago baten parte da.

Manifestua

Ekimen ugari egin dira futbolean euskara bultzatzeko gure eskualdean. Instituzio ezberdinen aldetik zenbait ekimen eraman dira aurrera, baina fruituak ez dira esperotakoak izan. Beste kirol batzuetan euskarak duen presentziatik urrun ikusten dugu eskualdeko futbola. Urteak dira eskola kirola ikastetxeetatik futbol taldeetara lekualdatu zela, eta bide horretan euskara ahuldu dela lirudike. Futbola eskualdean jende gehien mugitu eta baliabide gehien dituen kirola izanik, nola liteke euskara jokoz kanpo geratzea?

"Futbola eskualdean jende gehien mugitu eta baliabide gehien dituen kirola izanik, nola liteke euskara jokoz kanpo geratzea?"

Euskararen normalizazioa erdiesteko, esparru guztiak dira beharrezkoak, kirola eta bereziki futbola, ezin dira kanpoan geratu. Horregatik honakoa eskatzen diegu eskualdeko futbol talde guztiei:

1. Euskalgintza eta instituzioekin elkarlanean aritzea futbolean euskara sustatzeko

2. Futbol taldean euskara bultzatzeko, Euskara Plana egin eta bete dezala futbol elkarte bakoitzak

3. Komunikazio osoa (kartelak, esatariak, prentsa-oharrak, deialdiak...) gutxienez elebitan izan dadila, euskarari lehentasuna emanez

4. Beheko mailetatik hasita entrenatzaileak euskaldunak izan daitezela

5. Futbolak duen gizarte proiekzioa kontuan hartuta, gure hizkuntzarekiko jarrera pro-aktiboa izan dezatela

Bestalde, gurasoak futbola euskaraz eskatzera animatu nahi ditugu, gure seme-alaben euskalduntzean aisialdia eta kirola ere pieza klabeak baitira.

Euskararen normalizazioan bultzatu eta hizkuntza eskubideak bermatzea gura dugu. Nahi, behar eta eskatzen dugu:

Aiaraldean Futbola Euskaraz!

Atxikimenduak

Manifestuarekin bat egiteko aukera zabalik dago nahi duen norbanako edo entitate ororentzat: info@aiaraldekoeuskalgintza.eus helbide elektronikoan edo 688 86 49 29 telefono zenbakian.

Kirolariak:
  • Angela Vadillo - futbolaria eta entrenatzailea - Artziniega
  • Iñigo Fraile - futbolaria - Amurrio
  • Izaskun Bengoa - txirrindulari ohia, ipar martxa - Amurrio
  • Iker Larrazabal - pilotaria - Olabezar
  • Aaron Garmendia - multi-kirola - Laudio
  • Julen Reketa - mendizalea eta mendigidaria - Laudio
  • Gaizka Barañano - trail-a - Amurrio
  • Maria Menoyo - trail-a - Amurrio
  • Naroa Saez - pala jokalaria - Orozko
  • Uxue Etxebarria - pala jokalaria - Orozko
  • Aimar Amondo - pilotaria - Laudio
  • Iñaki Aretxaga - futbol entrenatzailea - Arrankudiaga
  • Patri Pinedo - eskubaloi jokalari ohia - Amurrio
  • Iñaki Bea - futbol entrenatzailea - Amurrio
  • Hector Borge - hockey-a - Laudio
  • Bea Isasi - bola-jokoa - Arespalditza
  • Unai Arrieta - eskubaloi jokalari ohia - Amurrio
Ikastetxeak:
  • Latiorro ikastetxea - Laudio
  • Lamuza ikastetxea - Laudio
  • Laudio Ikastola - Laudio
  • Aresketa Ikastola - Amurrio
  • Mendiko Eskola - Amurrio
  • Zabaleko ikastetxea - Amurrio
  • Amaurre ikastetxea - Amurrio
  • Arrankudiagako Eskola - Arrankudiaga-Zollo
  • Urduña Herri Eskola - Urduña
  • Arteko Gure Ama - Artziniega
  • Zaraobe Institutua - Amurrio
  • Orozko Eskola - Orozko
  • Fabian Legorburu ikastetxea - Areta
  • Lamilagrosa ikastetxea - Laudio
  • Laudio BHI - Laudio
Guraso elkarteak:
  • IGE Urduña - Urduña
  • Orozkoko IGE - Orozko
  • Zabaleko IGE - Amurrio
Euskalgintza:
  • Aiaraldeko AEK - Aiaraldea
  • Basalarrina Kultura Elkartea - Laudio
  • Aiarako 24 euskara elkartea - Aiara
  • Laudioko Udal Euskaltegia - Laudio
  • Aiaraldea Ekintzen Faktoria - Aiaraldea
Kirol elkarteak:
  • Ganbegi 6-2 Hockey Taldea - Laudio

BIDEOAK

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago