Negoziazio prozesu "luze eta korapilatsu baten" ostean, joan den astean, Amurrioko Tubos Reunidos enpresako langileen gehiengoak UGT, CCOO eta LAB sindikatuek lortutako aurreakordioa berretsi zuten. Bozkatu zuten 715 langileetatik, 491 baiezko, 214 ezezko, zortzi boto zuri eta bi baliogabe zenbatu ziren erreferendumean.
Astelehen honetan LAB sindikatuak jakitera eman duenez, langileen ordezkariek eta zuzendaritzak hitzarmen berria sinatu dute jada. Sei urte baino gehiago hitzarmenik gabe izan dira Amurrioko fabrika. Sindikatu abertzaleak akordioaren balorazio "positiboa" egin du, orain arte "zuzendaritzak uko egin baitio edozein motako negoziazioei ekiteari".
Urte hauetan guztietan, ohikoak izan dira Tubos Reunidoseko langileen mobilizazioak, beren lan baldintzak hobetzeko negoziazioa exijitzeko. "Lan horrek fruituak eman ditu, eta lortutako akordioak hobekuntzak dakarzkie langile guztiei, bereziki kolektiborik prekarioenei", ospatu du LAB sindikatuak. Besteak beste, akordioan jasotako puntu hauek nabarmendu ditu enpresa batzordeak:
- Soldata igoerak, indarraldi urte bakoitzerako:
- 2022: KPIaren arabera
- 2023: KPIaren arabera
- 2024: KPIaren arabera
- 2025, 2026 eta 2027 urteetarako baldintzatzaileak:
- KPIa 0 eta 1,3 artekoa bada: KPI + %0,6
- KPIa 1,3 eta 2 artekoa bada: KPI + %0,3
- KPIa 2 baino handiagoa bada: KPI
- Kontratu finkoak: behin-behineko 22 pertsona kontratu mugagabea izatera igaroko dira, hitzarmena amaitzean kontratu finkoak egiten jarraituko dutela bermatuz.
- Txanda-kontratuaren aplikazioa.
- Lau orduko lanaldi-murrizketa gaueko txandan lan egiteagatik.
- Hobekuntzak lizentzien, eszedentzien eta lan egutegiaren arloan.
- Telelanaren erregulazioa.
LAB sindikatua "pozik" agertu da lortutako akordioarekin: "Enpresan hitzarmena berreskuratzeaz gain, hobekuntza garrantzitsuak dakartza kolektibo osoarentzat, hori izan baita sindikatuaren helburua uneoro; eta hala izaten jarraituko du etorkizunean ere: langile guztien enplegua eta lan baldintzak defendatzea".