Arabako txakolinaren festa ekainaren 4an izango da

Erredakzioa 2023ko mai. 22a, 16:00
2022ko mahats-bilketako txakolina dastatu ahal izango da. / Argazkia: AIARALDEA.eus

Ekainaren 4an, igandean, Amurrion ospatuko da Txakolin Eguna. PerretxiCo taldeko Jose Antonio Merino Cañamero izango da aurten Arabako txakolinaren enbaxadorea.

Gertu dago 2023ko Txakolin Eguna. Ekainaren 4an, Arabako Txakolina elkarteak jaialdiaren 23. edizioa ospatuko du, Amurrion. 12:00etatik aurrera, Juan Urrutia plazako jai-barrutian Arabako Txakolina Jatorrizko Deituraren barruko zazpi upategi bilduko dira, 2022ko mahats-bilketari esker ekoitzitako txakolin onenak plazaratzeko.

Jose Antonio Merino Cañamero izango da aurten Txakolin Eguneko enbaxadorea. PerretxiCo Taldea euskal estiloko tabernen proiektuaren sustatzailea da, eta Arabako txakolinaren alde egindako lanagatik hautatu dute. Izendapena ekainaren 4an egingo dute, 11:30ean, Amurrioko udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Ekitaldian 2022ko mahats-bilketaren aurkezpena egingo dute ere, jai-esparruaren inaugurazioari ekin aurretik.

12:00etan txupinazoarekin lehertuko da festa. Juan Urrutia plazako gunean, 2022ko txakolina dastatu ahal izango da, baita askotariko eskaintza gastronomikoaz gozatu ere. Besteak beste, bertako produktuez egindako pintxoak eta errazioak erosi ahal izango dira. Horretarako, gune gastronomikoaren sarreran izango den stand-ean tiketak eskuratu beharko dira, 16:00ak arte; Arabako Txakolinaren webgunean ere tiketak erosteko aukera izango da, eta, berritasun gisa, baita webgunean, programan zein karteletan egongo den QR kode baten bidez ere.

Egitaraua osatzeko, herriko produktu artisauen erakusketa eta azoka, Otxote Ugarte kalejira eta txakolin hotzez egindako rebujito (Falzue) dastaketa izango dira ere. Eta jai eguna borobiltzeko, Akerbeltz taldearen erromeria, 17:00etatik 20:00etara.

Gasteiztik festara joateko autobus zerbitzua eskainiko dute antolatzaileek: irteera 11:00etan Corte Inglesetik, eta itzulera 19:30ean Amurriotik. Txartelak ekainaren 2ra arte eskuratu ahal izango dira, Arabako Txakolinak Gasteizko Azoka plazan (Abastos) duen postuan.

Aurretik, dastaketak

Gainera, Izan Amurrio merkatari eta ostalarien elkarteak, Amurrio Bidean elkartearekin elkarlanean, jarduera berezi batekin egingo du bat aurten Txakolin Egunarekin. Udalerriko bi saltokik Arabako txakolin dastaketak egingo dituzte aurreko egunetan

  • Maiatzaren 26an izango da, 19:00etan, Ecomobel altzari dendan.
  • Ekainaren 2an, 19:00etan, Azules Viste Tu Vida arropa dendan.

Plazak mugatuak direnez, interesatuek aldez aurretik eman beharko dute izena Izan Amurrio elkartearen egoitzan, 670 49 71 08 telefono zenbakian edo izanamurrio@apymca.com helbide elektronikoan.

KARTELA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide