"Txikizkako" droga trafikoaren aurkako operazioa Amurrion

Erredakzioa 2023ko api. 4a, 19:00

Marihuana, haxixa, speeda eta beste material batzuk atzeman dituzte. / Argazkia: Ertzaintza

Zazpi pertsona ikerketapean gelditu dira Ertzaintzak "txikizkako droga salmentaren aurka" egindako operazioaren ondorioz. Beste seiri espedientea ireki diete drogak "edukitzea eta kontsumitzea" leporatuta; eta tabernari bati kontsumoarekiko "tolerantzia" egotzita.

Martxoaren 31ko gauean eta apirilaren 1eko goizaldean, Laudioko Ertzain-etxeak "substantzia sorgorgarriak edukitzearen, substantzien trafikoaren, kontsumoaren eta kontsumoarekiko tolerantziaren aurkako" polizia operatibo bat martxan jarri zuen Amurrion, "txikizkako droga salmenta detektatzeko eta horren kontra jarduteko".

Ertzaintzako Txakur Unitatearen laguntzarekin, ertzainak bi ostalaritza establezimendutan eta gazte lokal batean sartu ziren. Operatiboaren ondorioz, polizia-eginbideak ireki dituzte, eta zazpi pertsona ikerketapean geratu dira droga trafikoaren ustezko delitu batengatik.

Beste sei pertsonari espedientea ireki diete Herritarren Segurtasunerako legean oinarrituta, "leku publikoetan substantzia sorgorgarriak edukitzea eta kontsumitzea" leporatuta. Beste pertsona bati, tabernetako bateko zerbitzariari, beste espediente bat ireki diote; kasu horretan, bere ostalaritza establezimenduan "substantzia sorgorgarrien kontsumoarekiko tolerantzia" egotzita.

Guztira, 150 gramo marihuana, 40 bat gramo haxix eta 10 bat gramo speed (anfetamina-sulfatoa) atzeman dituzte, baita ustez droga trafikoarekin zerikusia duten hainbat objektu ere, besteak beste, doitasun-balantzak, substantzien dosiak prestatzeko poltsak eta sukaldeko labana bat.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago