Aiaraldetik eta inguruko herrietatik etorritako lagun andana bildu da goizeko lehen ordutik Laudion, Dolumin Barikua ospatzeko. Laudioko Abeltzain Elkarteak antolatutako 130. Ganadu Azoka izan da eguneko ekintza nagusia. Herriko plazan, Aldai plazan eta Alberto Aceron ere dozenaka postu kokatu dira, eta euskal jaki eta artisautza produktuen eta nekazaritzako makineriaren erakusketa izan da. Herri kirolak ere izan dira Dolumin Barikuko beste protagonistetako bat, Lauzaldi Elkarteak Dolumin Barikuko XII. Herri kirol txapelketa antolatu baitu.
Arratsaldean, Done Petri baselizan, Santa Luzia abesbatzak kontzertua eskainiko du, eta Puro Relajo taldeak eta Oxabi erromeriak osatuko dute musika eskaintza. Alberto Acero plazako eszenatokian arituko dira bi musika taldeak, 20:00etatik 21:30etara eta 23:00etatik aurrera, hurrenez hurren.