Larrialdi Zerbitzuak Laudion desagertutako emakume baten bila izan dira bart iluntzetik. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 83 urteko emakumea da, Gardea auzoko bizilaguna, eta bere senideek 19:00ak aldera eman zuten desagerpenaren berri. Berehala aktibatu zen emakumea inguruan bilatzeko dispositiboa.
Larrialdiei aurre egiteko teknikari bat, Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko zein Txakur Unitateko agenteak, Laudioko ertzain-etxeko eta Udaltzaingoaren patruilak, eta, besteak beste, Babes Zibileko, Gurutze Gorriko, DYAko eta Arabako suhiltzaileetako baliabideak mobilizatu dira gau osoan zehar, baita ostiralean ere.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 19:30ak aldera emakumearen gorpua aurkitu dute, "sarbide zaileko mendi eremu batean". Bertaratutako medikuek heriotza baieztatu dute.