Akordioa Talleres Abasolon, bi hilabeteko grebaren ostean

Erredakzioa 2023ko ots. 27a, 20:00

Talleres Abasolo enpresako langileen mobilizazio bat. / Argazkia: LAB

Enpresari langileen subrogazioarekin salmenta egiteko denbora emango dio akordioak, baita sortutako zorra adostutako epeetan berreskuratzeko ere. Bi hilabeteko lan erregulazioa onartu dute langileek, jarduerari berriz ekin ahal izateko.

Ia bi hilabeteko grebaren ostean, joan den ostiralean lanuzteak bertan behera uzteko adostasun batera iritsi zen LAB sindikatua Talleres Abasolo enpresako zuzendaritzarekin. Langileek onartu duten akordioaren helburua da "enpresari denbora ematea langileen subrogazioarekin salmenta egin ahal izateko eta, aldi berean, sortutako zorra adostutako epeetan berreskuratzeko".

Horrez gain, akordioaren barruan, gehienez bi hilabeteko iraupena izango duen Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientea (ABLEE) onartu du plantillak, jarduerari berriz ekin ahal izateko.

Greba hasi zenean, LAB sindikatuak "zorra kobratzea eta lanpostuak bermatzea" ezarri zituen helburu gisa. Akordioa erdietsita eta jarduerara itzulita, "ahalik eta epe laburrenean tailerra saldu ahal izatea" ahalbidetu nahi du sindikatu abertzaleak, horrela "lanpostu guztiak mantendu eta sortutako zor guztia kobratu ahal izateko".

"Egungo bazkideekin jarraituz gero, ez litzateke etorkizuneko bermerik egongo eta tailerrak itxi egin beharko luke", azaldu du LABek. "Langileek egin duten ahalegina balioesten dugu. Ez dute lortu bazkideekin biltzea ere, hainbat eta hainbat eskakizun izan arren, eta azken horien gizatasunik eza agerian geratu da. Prozesu osoan ez dira egoeraz arduratu, eta administrazio kontseiluko lehendakariak ere uko egin dio akordioa sinatzeko bilerara joateari".

"Egoera zail horren ondorioz, enplegua suntsitu egin da; langileetako batzuek borondatez alde egin behar izan dute, dagozkien kalte-ordainak galduta. Ezin dugu onartu enpresen abandonuak inolako ondoriorik gabe enplegua suntsitzea", kritikatu dute. "Beraz, akordio honek konponbidea emango dio egoerari, beste ezein langilek eskubiderik gal ez dezan".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago