Langile bat oso larri Tubos Reunidosen gertatutako lan istripu baten ondorioz

Erredakzioa 2023ko ots. 22a, 10:00
Tubos Reunidos enpresaren fabrika, Amurrion. / Argazkia: etxeguren.com

Tubos Reunidos enpresak Amurrion duen fabrikan astelehenean gertatutako lan istripu batean, Pine Instalaciones y Montajes azpikontratako bi langile zauritu ziren. Horietako bat oso larri dago, jasandako erreduren ondorioz.

Astelehen honetan, 14:30ak aldera, lan istripu larria gertatu zen Amurrioko Tubos Reunidos enpresan, bi langile goi-tentsioko aparatuak zeuden eremu batean mantentze lanak egiten ari zirela. Ondorioz, langile bat oso larri zauritu zen, eta haren ondoan zegoen beste behargin batek zauri arinagoak jasan zituen.

53 eta 58 urteko bi langileak azpikontratatutako Pine Instalaciones y Montajes enpresarentzat ari ziren lanean, gertatutakoaren inguruko informazioa biltzen ari den enpresa batzordeak azaldu duenez.

Larri zauritutako behargina Gurutzetako ospitaleko erredura larrien unitatean dago une honetan; antza denez, ez dago bizia galtzeko arriskuan, baina istripuak ondorioak utziko dizkio, eta sendatzeko prozesua "luzea eta zaila" izango da. "Beste langileak zorte handiagoa izan zuen: sendaketak fabrikan egin ahal izan zizkioten, eta mutualitatetik igaro ondoren etxera bidali zuten", azaldu dute sindikatuek.

Istripua salatzeko eta bi lankideei elkartasuna adierazteko, datorren ostiralean, 14:30ean, elkarretaratzea egingo dute Pine enpresaren instalazioetan, Zamudioko Ugaldeguren II industrialdean."Istripua izan dutenei babesa adierazi nahi diegu, bai eta haien senideei, lagunei eta lankideei ere, eta azkar osatzea opa diegu", adierazi du Pineko langileen batzordeak.

Sei hildako 2023an

"Azpikontratek ezartzen dituzten lan gainkargek, erritmo altuak eta lanen arriskuak dozenaka istripu eta heriotza eragiten dituzte urtero. Prebentzio araudia behar bezala ezarrita ez badago, ezbeharrak gertatzeko probabilitatea handitzen da", ohartarazi du ELAk.

"Prekarietatea gogor kolpatzen ari da lantoki askotan, eta baldintza orokorrek okerrera egiten ari dira. Aldiz, ez enpresek ez gobernuek ez dute behar adina diru inbertitzen prebentzioko eta laneko segurtasunean, eta prestakuntzari ez diote ematen behar duen garrantzia: dirua eta irabaziak lehenesten dituzte, langileen ongizatearen aurretik", kritikatu du sindikatuak.

2023ko bi hilabete hauetan, dagoeneko sei lan istripu hilgarri jazo dira Hego Euskal Herrian. ELAren ustez, Eusko Jaurlaritzak eta lan osasunean lan egiten duten erakundeek "lehentasuna eman beharko liokete lan baldintzak hobetzeari eta lantokietako prekarietatea ezabatzeari".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide