Greba mugagabeari ekin diote Talleres Abasolon, zor zaizkien nominak kobratzea exijitzeko

Erredakzioa 2023ko urt. 18a, 19:00

Pankarta bat Talleres Abasolo lantegiaren aurrean. / Argazkia: LAB

Laudioko Talleres Abasolo lantegiko 25 langileek urtebete daramate soldata atzerapenak pairatzen, eta dagoeneko lau hilabeteko nominen zorra metatu du enpresak. Astearte honetan ekin diete lanuzteei, zor dizkieten soldatak exijitzeko.

Atzo abiatutako greba mugagabearekin, Talleres Abasoloko langileek "aurpegia eman dezatela" exijitu diete administrazio kontseiluan enpresari buruzko erabakiak hartzeko ahalmena duten bazkideei. "Ezin dute langileen gain ezarri egin beharreko ahalegin guztia; proiektuarekin jarraitzeko helburua izatekotan, dirua jar dezatela" eskatu dute grebalariek.

Izan ere, LAB sindikatuak azaldu duenez, plantilla "oso egoera zailean" dago, urte luzeko soldata atzerapenen ondoren lau hilabeteko nomina-zorra metatu baitute. Gainera, administrazio kontseiluak ez die inolako erantzunik eman.

"Langileek oso argi dute ez dutela egun bat bera ere jarraituko doan lan egiten eta zor dietena handiagotzen", ohartarazi du LABek, enpresaren bideragarritasunari buruzko erabakia "ahalik eta azkarren" hartzea eta zorrari irtenbide bat ematea exijituz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago