Gabonak ospatzen laguntzeko asmoz, Laudioko Udalaren Jaiak, Kultura eta Kirola sailaren bitartez, lehen Gabon kanten lehiaketa jarri dute abian. Azaroaren amaieran itxi zuten izena emateko epea, eta taldeek Gabon gauaren bezperan, abenduaren 23an, kantatuko dituzte kantak, 19:00etatik aurrera, Aldai plazan, Alberto Acero plazan eta Zumalakarregi Etorbidean.
Lehiaketan, gutxienez, zortzi kidek osatutako taldeek parte hartuko dute. Hala, parte hartzeko bi kategoria ezarri dituzte: familiakoa eta eskolakoa, eta era formalean eratuta dauden eta musika koralean aritzen diren taldeak.
Nolanahi ere, parte hartzen duen talde bakoitzak bi Gabon kanta interpretatu beharko ditu; bata derrigorrezkoa izango da eta bestea bakoitzak aukeratutakoa. Gabonei edo gai tradizionalei buruzkoa izan beharko da azken hori, eta ezin izango du mezu arrazistarik, xenofoborik edo sexistarik izan, ez indarkeriaren apologiarik egin edo mezu diskriminatzailerik zabaldu. Familiako eta eskolako taldeentzat, Din dan don izango da derrigorrezko Gabon kanta, eta talde profesionalentzat, Hator mutil.
Ahotsaz gain, Eguberrietako berezko musika tresnak –panderoa, triangelua, bandurriak, trikitixa edo zotzak– ere erabili ahal izango dituzte, baina debekatuta dago anplifikazio-sistemak erabiltzea.
Epaimahaia eta sariak
Epaimahaia musikako eta kulturako profesionalak edo udalerriko kulturarekin, artearekin eta jaiekin harremana duten tokiko talde eta elkarteetako ordezkariak izango dira. Laudioko
Gabon Kantak lehen lehiaketa honetan, funtsean, konposizioen eta interpretazioen originaltasuna, sormena eta interes musikal eta artistikoa baloratuko dituzte, letraren, eta ahots eta instrumentu interpretazioaren alderdiak baloratuz, besteak beste. Beste alderdi batzuk ere epaituko dituzte, hala nola afinazioa, eszenaratzea, bateratze maila, aurkezpena, jantziak….
Sariei dagokienez, familiako eta eskolako kategoriako taldeentzat 300 euroko lehen saria, 200 euroko bigarren saria eta 100 euroko hirugarren saria ezarri dituzte. Talde profesionalentzat, berriz, lehenengo saria 600 eurokoa izango da, bigarrena 400 eurokoa, eta hirugarrena eta azkena 250 eurokoa.