Gazteei alokairua arindu nahi diete

Erredakzioa 2022ko abe. 8a, 06:00
Laudion bertan gazteen emantzipazioa erraztu nahi dutela esan du udalak. LAUDIOKO UDALA

Hilean gehienez 150 euro emango dizkie Laudioko Udalak 18 eta 35 urte bitarteko gazteei. Laguntza hauetarako 25.000 euroko partida bideratu du, baina eskaeren arabera handituko dutela dio.

Laudion etxebizitza libre bat alokatu duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteek hilean 150 euro arteko laguntza jaso ahalko dute, udalak honetarako diru partida bat bideratu baitu. 

Aste honetan ezagutarazi dute neurria, bai eta diru laguntza hauetara sarbidea izateko betekizunak ere: pertsona batek eskatuz gero, onuradunaren diru sarrera gordina ezingo da izan 23.000 euro baino gehiagokoa. Laguntzaren eskatzaileak bi edo gehiago izatekotan, berriz, muga hori 32.000 euroan jarri du udalak. Hala, hileko errentaren ehuneko bat ordainduko du udalak, baina gehieneko zenbatekoa hilekoaren %50 baino ezingo da izan.

"Badakigu emantzipazioak, bizitza berri bati hasiera emateak, zailtasunak dituela", adierazi du Ander Añibarro alkateak. "Diru-laguntza sorta honekin alternatibak eskaini nahi dizkiegu gure gazteei, euren bizi proiektua gara dezaten eta hemen, Laudion, egin dezaten".

30 eguneko epea

Aurtengo urtarriletik abendura bitarteko epean alokairuan egon direnek aurkeztu ahalko dituzte eskariak. Diru laguntza hauei aurre egiteko udalak 25.000 euroko partida bat bideratu du, baina ohar batean ziurtatu dute kopuru hori handituko dutela jasotako eskaeren arabera. 

Gazte bakoitzeko gehieneko laguntza 1.800 eurokoa izango dela argitu dute, eta beste diru laguntza batzuekin bateragarria izango dela. Abenduaren 5ean Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratu denetik 30 eguneko epea egongo da eskariak aurkezteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide