Udal gobernuak asteazken honetan aurkeztu du Laudioko Udalaren 2023ko aurrekontu proiektua, eta datorren astelehenean, azaroaren 14an, iritsiko da osoko bilkurara. Legegintzaldi honetako azken aurrekontua izango da, maiatzeko udal hauteskundeen aurretik; onartuz gero, Udalak laugarren urtez jarraian onartzen duen aurrekontua izango da.
Horrela, urtarrilaren 1etik aurrera, Udalak ekin ahal izango die udalerriarentzat "funtsezkotzat" jotzen dituen proiektuei. "Aurten oso aurrekontu berezia aurkeztu dugu. Gure auzoetarako eta, oro har, Laudiorako inbertsio estrategiko berriak sartzeko apustu sendoa egin dugu", azpimarratu du Ander Añibarro alkateak.
Azaldu duenez, arreta berezia jarri dute inflazio handiak energiaren kostuan, materialen zein horniduren prezioan eta hainbat zerbitzuren kostuan izan dezakeen eraginean. Horregatik, Udalak %9,2 handitu nahi du aurrekontua 2022koarekin alderatuta, "aurrekontu errealista eta asmo handikoa" lortzeko asmoz: proiektu ekonomikoaren zenbatekoa 25.612.905,44 eurokoa da.
Aurreikusitako proiektu nagusien artean dago, besteak beste, udal euskaltegirako 823.465,42 euroko inbertsioa. Bestalde, Udalaren ondasun eta zerbitzu arruntetako gastua 9,7 milioi euro ingurukoa izango da, aurrekontuaren %39, "funtsezkoak" diren zenbait zerbitzuren modernizazioa sendotzeko: kale garbiketa, kultur programazioa edo gazteentzako jarduerak, besteak beste.
Beste nobedade bat izango da udal diru laguntzen handitzea, orotara 2,8 milioi euro baino gehiago bideratuz: oro har, kultura, kirol eta jai elkarteentzako laguntza izendunetara bideratutako zenbatekoa %5ean eguneratuko da, eta kultur jarduerak gauzatzeko lehia askeko laguntzen zenbatekoa %60raino igoko da.
Premia handienak dituzten kolektiboei eta egoera zaurgarrienean dauden familiei zuzendutako gizarte laguntzak ere indartu egingo dira, Gizarte Larrialdietarako laguntzak eta Sostengu Laguntzak %14 handituz.
Inbertsio estrategikoak
Aurrekontu berriaren gakoetako bat inbertsio ahalmenaren indartzea izango da, "funtsezko" inbertsio proiektuei 1,9 milioi euro bideratuz; hau da, 2022an baino %77 gehiago. Alkateak nabarmendu duenez, "Laudio berritzea, eraldatzea eta udalerri atseginagoa, jasangarriagoa, modernoagoa eta herritarrei zerbitzu emango dieten azpiegiturak izango dituena" izango da helburua.
Horretarako, hainbat inbertsio berri nabarmendu ditu Añibarrok, urtean zehar aktibatuko diren beste zenbait jaso gabe, hala nola Antzokia eta Europako funtsetan onartzen zain dauden beste batzuk:
- 2023rako asfaltatze Plan Berria (265.000 euro).
- Aparkaleku berrien sorkuntza (225.000 euro).
- Kirol anitzeko kantxak Lamuzako parkean eta Aretan (125.000 euro)
- HAPOren berrikuspena (106.000 euro).
- Ikastetxe publikoan jolastoki inklusibo bat martxan jartzea (100.000 euro).
- Ellakuriko igerilekuen hobekuntza (90.000 euro).
- Jolas elementuen berriztapena haur parkeetan (70.000 euro).
- Skateparkearen berriztapena (80.000 euro).
- Espazio berri baten egokitzapena Gazteleku gisa (50.000 euro).