Azaroaren 7an, Aintzane Mendia Tubacexeko langilea epaituko dute, eta hamabost hilabeteko kartzela zigor eskariari egin beharko dio aurre. LAB sindikatuak "muntaia poliziala" salatzeko eta langileari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea deitu du Gasteizen astelehenean, epaiketaren aurretik, 10:30ean Justizia Jauregiaren aurrean.
Mendiaren kasuan "Tubacexeko langileek greban zehar eta grebaren ostean jasan behar izan dituzten isun, mehatxu eta neurriz kanpoko inputazioen" testuinguruan kokatu du LABek. "Zigor eta inputazio bakoitza modu indibidualean gauzatu bada ere, guztion borroka kolektiboaren aurkako eraso zuzen bezala ulertzen ditugu", azaldu du sindikatuak.
Izan ere, Tubacexeko gatazkak utzitako ondorio ekonomiko eta judizialaren balantzea plazaratu dute: 25 langilek baino gehiagok jaso dituzte isunak eta inputazioak; 25.000 euro baino gehiago ordaindu behar izan dituzte isunetan; zazpi pertsona auzipetu dituzte, eta espetxe eskaerak jaso dituzte; eta isunak 600 eta 3.000 euro artekoak dira.
Inputatutako beste langile batzuei elkartasuna adierazten egon zen egunean atxilotu zuten Aintzane Mendia, Amurrioko Epaitegian, eta egozten dizkioten gertakariak "beste muntaia judizial bat" direla salatu du LABek, "Tubacexeko grebatik sortutako elkartasun guztia kriminalizatzeko".
"Gainera, jasan behar izan zuen atxiloketa neurrigabe eta justifikaziorik gabekoan, lesioak eragin zizkioten modu bortitzean eraman zutelako", salatu dute. "Argi utzi nahi dugu aipatutako guztia kriminalizazio estrategia bat besterik ez dela, hainbat boterek aurrera eramaten dutena, Tubacexeko greban aktiboki parte hartu zuten eta euren lanpostuak defendatzeko eskubidea erabili zutenak zapaltzeko".
"Guk oso argi daukagu: langileen borroka kriminalizatzen saiatu arren, gure lanpostuen eta lan eskubideen alde borrokatzea ez da delitua. Errepresio guztiaren aurrean: batasuna eta elkartasuna. Tubacexeko grebarekin langileok egiaztatu ahal izan genuen bezala, bidegabekerien aurrean langileen borroka da bide bakarra. Horregatik guztiagatik, irmoki eskatzen dugu gure lankidearen absoluzioa aurre egin beharko dion prozesu judizial osoan. Era berean, langileon aurka ireki dituzten prozesu eta jarduera guztiak ere bertan behera uztea eskatzen dugu. Orain arte bezala, elkartasunez eta borrokaz erantzungo diegu", aldarrikatu du LABek.