Gorobelen parke eolikorik ez eraikitzea eskatu dute mendi martxa batean

Erredakzioa 2022ko urr. 31a, 13:10

Hainbat herritar bildu ziren larunbatean Gorobelen. / Argazkia: ARABAKO MENDIAK ASKE

Arabako Mendiak Aske plataformak Gorobelera mendi martxa antolatu zuen larunbatean, bertan eraiki nahi duten parke eolikoa salatzeko eta trantsizio energetikoa "sozialki bidezkoa eta jasangarria" izan behar dela aldarrikatzeko.

Babestutako eremuetan eraikitzekoak diren proiektu eolikoen aurka azken hilabeteetan garatutako dinamikaren barruan, Arabako Mendiak Aske plataformak beste mendi martxa bat antolatu zuen larunbatean, Gorobel mendilerrora (Aiaraldea); zehazki, Mojón Alto tontorreraino igo ziren, bertan aurreikusitako proiektua "jasanezina" dela eta "mendilerro eder hau hondatuko lukeela" salatzeko.

"Gure agintari politikoek eta haien hurbileko energia enpresa espekulatiboek sortu duten burbuila eolikoak, etekinak betikotzeko asmoz, urrundu egiten gaitu trantsizio energetiko egoki batetik", kritikatu dute. "Europako funtsen etorreraren aurrean, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial berria onartu gabe trantsizio energetikoa bizkortzeko presaren ondorioz, ordenarik eta itunik gabeko errotak instalatzen ari dira, edozein ingurumen-berme alde batera utzita, gure sistema naturalak ustiatzearen, suntsitzearen eta pobretzearen kontura".

Plataformak ohartarazi duenez, Castrobarto, Pico del Fraile eta Llorengoz eremuetan haize errotak ezartzeak "inpaktu larria, iraunkorra eta atzeraezina" eragingo luke Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuan (ZEPA). "Hegaztien eta kiroptero batzuen hilkortasuna areagotzea, talkak, pistak eta hormigoizko plataformak irekitzea, lurra eta landaredia suntsitzea, goi-tentsioko lineak zein transformazio-plantak eraikitzea ekarriko luke, baita zarata konstantearen arazo larria magalean dauden herrientzat", Mendiak Askeren arabera.

"Haize-sorgailuen kokalekua ingurumen-sentsibilitate handiko eremu gisa katalogatuta dago, eta horrek, praktikan, zona horietan parke eolikoak ezartzea baztertzen du", salatu dute. "Enpresek poltsikoa betetzen duten bitartean, Mena, Angulo eta Aiarako haranetako bizilagunak izango gara kareharrizko gailurretan errota erraldoiak etengabe biraka ikusiko ditugunak".

"Guztiz beharrezkoa da trantsizio energetiko bat gauzatzea, gure benetako energia-premiak kontuan hartuko dituena, sorkuntza deszentralizatuaren, hurbiltasunaren, eraginkortasunaren eta aurrezpenaren ikuspegitik, sozialki bidezkoa eta ingurumenaren aldetik jasangarria izango dena, eta azpiegitura handiak beharrezkoak izango ez dituena sistema naturalak ustiatzearen, suntsitzearen eta pobretzearen kontura", aldarrikatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago