Amurrioko udaltzain batek zabaldutako bideo matxista salatu dute

Erredakzioa 2022ko urr. 31a, 12:00

Udaltzainak Adrian Martinez Camachoren bideo bat zabaldu du. / Argazkia: INSTAGRAM

Amurrioko Otsemeak talde feministak salatu du udaltzain batek Instagram bidez zabaldutako bideoa: "Gogoratu, neskak: Halloween dator, eta mozorroa beldurra ematean datza, ez zuek enpotratzeko gogoa ematean".

"Adi! Beste behin ere erasotuak izan gara. Hau da Amurrioko munipa batek bere Instagrameko perfil publikora igo duen bideoa", salatu du igande honetan Otsemeak Amurrioko talde feministak, bere Twitter kontuaren bitartez.

Elkarbanatutako irudietan ikus daitekeenez, Amurrioko udaltzain batek Adrian Martinez Camachoren (@adrianmartinezcam7) TikTok-eko bideo bat zabaldu du bere Instagram kontuaren bitartez (@javi.saenz kontua dagoeneko ez dago erabilgarri): "Gogoratu, neskak: Halloween dator, eta mozorroa beldurra ematean datza, ez zuek enpotratzeko gogoa ematean", dio Iruñeko tiktokerrak jatorrizko bideoan.

"Ikusi duzue?", galdetu die talde feministak Amurrioko Udalari eta Berdintasun Zerbitzuari. "Nazkatuta gaude", gaineratu dute.

Bestalde, astelehenarekin batera, Udalak erantzunik eman ez duela ikusita, Otsemeak-ek beste mezu bat plazaratu du: "Badakigu gertakari hau ez dela kasu isolatu bat Amurrioko Udaltzaingoan.  Horrelakoak emakumeontzako eraso bat direla ulertzen dugu. Neurriak har ditzan exijituko diogu Udalari. Paperaren gainean ez, praktikan erakusten da indarkeria matxistaren kontrako jarrera".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago