'Daniel|a|' websailak bi sari eskuratu ditu Seriesland jaialdian

Erredakzioa 2022ko urr. 26a, 09:00
Websaileko taldekideak Guggenheim museoko sari banaketan. / Argazkia: PISZIFAKTORIA

Mikel Ayllonen gidoian oinarritutako proiektuak taldeko aktore onenaren eta euskal websail onenaren sariak irabazi ditu Bilboko Seriesland jaialdian. Hortaz, Alemania, Miami, Brasil eta Los Angeleseko jaialdietan lehiatuko da.

Seriesland jaialdiko epaimahaiak taldeko aktorerik onenaren saria eta euskal websail onenaren sariak eman dizkio Daniel|a| telesail digitalari, asteburu honetan Bilboko Guggenheim museoan egindako sari banaketan. Euskarazko websail bat jaialdi honetako sail ofizialean lehiatzen zen lehen aldia izan da, eta 26 herrialdetako beste 85 lanen ondoan egin du.

Gabriel Ocinak lortu du taldeko aktorerik onenaren saria, Josu pertsonaia interpretatzen egindako lanagatik. Protagonistaren aita da Josu, eta, langabezian geratu ondoren, bizitza berreraiki beharrean dago. Euskal websailik onenaren sariari esker, gainera, Alemaniako Die Seriale, Miamiko Miami Web Fest, Rio de Janeiroko Rio Web Fest eta Los Angeleseko LA Web Fest jaialdietan lehiatzeko sailkatu da Daniel|a|.

Seriesland kultura digitalari eskainitako nazioarteko jaialdirik entzutetsuenetako bat da, eta mundu osoan egiten diren ekoizpen digital onenen erakusleiho izaten da. Zazpigarren edizioa izan da aurtengoa, eta urriaren 14tik 22ra egin da Bilbon.

Daniel|a| Piszifaktoria Ideien Laborategiak, Marmoka Films eta PimpiNella ekoiztetxeekin batera, EITBrentzat 2021ean ekoiztu zuen proiektu transmedia da. Websaila Nora Alberdik zuzendu du, Mikel Ayllonen (Laudio, 1980) gidoi batean oinarrituta; eta Leire Ormazabal, Iholdi Beristain, Gabriel Ocina eta Irati Agirreazkuenagak egin dituzte aktore lanak. Alderdi teknikoez, aldiz, Berde Produkzioak arduratu da.

Websailaren sei atalak EITBren Nahieran plataforman eta Gaztearen Youtube kanalean daude ikusgai.

ATALAK

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide