Txarlazo mendiko Antiguako monumentua, zerrenda gorrian

Erredakzioa 2022ko urr. 17a, 17:18
Txarlazo mendian kokatua dago monumentua. JORGE UGALDE MADARIA/AIARALDEA

Espainiako estatuan hormigoi armatuz eraikitako lehen eraikina da Antiguako Andra Mariaren Monumentua. Aste honetan Hispania Nostra Elkarteak egiten duen Ondarearen Zerrenda Gorrian sartu dute, arrisku larrian baitago.

Araba, Bizkaia eta Burgos arteko mugak seinalatzen dituen Txarlazo mendiaren tontor geodesikoaren hiru metrora eraiki zuten 1903. urtean Urduñako patroia den Antiguako Andra Mariaren Monumentua, Gorobel mendilerroko elementu sinboliko eta bereizgarri garrantzitsuenetarikoa. Urduñako Udalarena bada ere, Burgosko Villalba de Losa herriko lurretan dago kokatuta zaindaria.

Hogeita bost metroko altuera eta hiru metroko diametroa duen monumentua 2021eko ekainaren amaieran hesitu zuten, zati bat erori egin zelako; eta iazko abuztuan, berriz, lan bertikaletan aditua den enpresa bat kontratatu zuten Urduña eta Villalba de Losako Udalek premiazko zenbait lan egiteko. Azpiegituran pilatuta zeuden hondakinak, elementu solteak eta erortzeko arriskuan zeuden zatiak kendu zituzten. Alta, tamaina handiko obra behar da Espainiako estatuan hormigoi armatuz eraiki zuten lehen monumentua salbatzeko, eta finantziazioa falta da.

Aiarako "mendiargia"

Masustondo erraldoi bat irudikatzen duen eskultura handia 927 metroko altueran kokatuta dago, eta oso urrutitik ikusten da. Gainera, urte luzez, hamabi fokuko argi indartsu batez argiztatuta egon da monumentua, izarren koroa bat osatuz. Zuhaitzaren enborraren barruan bi metro eta erdiko zabalera duen eskailera bat dago, adaburuaren zuloan irekitako areto zabal baterako sarbidea ematen duena. Eskailera hori irudiaren oinetaraino luzatzen da, eta bertan biribilgune bat irekitzen da, balkoi batekin, 30 lagunentzako edukiera duena.

Balkoi horretatik ikuspegi zabala dago, Arabako, Bizkaiko, Burgosko eta Errioxako hainbat herri ikus daitezke, baita Gorbeiako gurutzea ere. Koparen barruko gelak sei leihate ditu argia hartzeko. Behealdean, gurtzarako kapera bat jarri zuten. Halere, barrualdeak bi hamarkada daramatza itxita segurtasun arazoengatik, eta kaperara soilik egun seinalatuetan sartzen da.

Lau hilabeteko obra

Urduñako Jesusen Konpainiaren ikasle ohien elkarte batek sustatu zuen obra; Claudio Duran y Ventosa arkitekto katalanak proiektatu zuen Antiguako Andra Mariaren hormigoizko zuhaitz erraldoia; eta bere enpresak egin zuen eraikuntza, hormigoi armatuaren Monier izeneko patentea lehenbizikoz erabiliz. Hamalau langile katalan eraman zituen Txarlazora, eta Urduñako zein Arrastariako hainbat peoi ere kontratatu zituzten. Gainera, inguruko bizilagun guztiak mobilizatu behar izan zituzten, idiek eta mandoek tiratutako gurdietan materiala igotzeko.

Izan ere, Belgikatik hogei tona burdin eta berrogeita hamar tona porlan behar izan zituzten, baita Zumaiatik ekarritako kare hidrauliko ugari ere. Guztira, 150.000 pezetako kostua izan zuen obrak, eta lan baldintzak oso kaskarrak izan arren, lau hilabetetan amaitu zuten, 1903ko urrian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide