Merkatu zaharra zentro soziokultural bihurtzeko proiektua onartu du Amurriok

Erredakzioa 2022ko urr. 3a, 10:31
Amurrioko zentro soziokultural berriaren maketa. AMURRIOKO UDALA

Eraikin berriak umeentzako eta helduentzako liburutegi berria, ikasketa gelak, mediateka eta KZgunea hartzea aurreikusten da.

Amurrioko Udalak osoko bilkuran onartu du Foru kaleko hornidura merkatu zaharraren eraikina zaharberritu ahal izateko proiektua, zentro soziokultural bihurtzeko. Proiektua onartu ondoren, laster irekiko da obraren lizitaziorako prozesua.

Onartutako proiektuak eraikina erabilera berrietara egokitzeko egingo diren jarduketak jasotzen ditu. Horretarako, ia guztiz aprobetxatuko den egitura sendotzeaz gain, barrualdea berregokitzea aurreikusten da, hainbat erabilera egokitzeko aukera emango duen espazio zabalarekin, bai eta beheko solairua eta erdisotoa komunikatuko dituen igogailu bat jartzea ere, irisgarritasuna bermatzeko. Inguratzailea, fatxada eta estalkia ere berriztatuko dira.

Proiektua onartu ondoren, obren lizitazioarekin hasteko prozesuari emango zaio hasiera; 1.200.401 euroko inbertsioa egingo da, eta urtebeteko epea egongo da lanak egiteko.

Zentro soziokulturala

Berriki aurkeztu den Udal Ekipamenduen Plana gida erabilgarria eta beharrezkoa izan da udal-azpiegiturak eta horietan ematen diren zerbitzuak pixkanaka berrantolatzeko. Alde batetik, planak kultur ekipamenduen sarea sortzea jasotzen du, eta merkatu zaharra zaharberritzea eta egokitzea da herriko hirigunean kultur sare hori sortzeko lehen urratsetako bat. Horretarako, eraikin berriak umeentzako eta helduentzako liburutegi berria, ikasketa-gelak, mediateka eta KZgunea hartzea aurreikusten da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide