Euro zaparrada Artziniegara

Erredakzioa 2022ko ira. 28a, 08:00

Ortiz de Molinilla Velasco dorrea hotela izango da. PHOT.OK

Hiru proiektu finantzatzeko dirulaguntzak jasoko ditu Artziniegako Udalak; Kultur Etxea eta Molinillo Velasco Dorrea eraberritzeko 800.000 euro, eta 1,3 milioi zeharbidearen zati bat konpontzeko.

Artziniegako hirigune historikoan bi inbertsio egiteko 800.000 euroko laguntza ekonomikoa onartu berri du Eusko Jaurlaritzak; horietatik 700.000 euro Kultur Etxea eraberritzeko bideratuko dira, eta beste 100.000 euroko partida Ortiz de Molinillo Velasco Dorrearen eraikina hotel bezala egokitzeko. Aiaraldea Berpiztu laguntzen programaren esparruan,  Artziniegako Udalak proposatutako finantzaketari erantzuten dio inbertsioak, eta Eusko Jaurlaritzako Ondare Historikoaren sailaren eskutik etorri da.

Joseba Vivanco alkateak argitu duenez, herriko Kultur Etxea eraberritzeak 1,5 milioi euro inguruko aurrekontua du, eta 700.000 euro horiez gain, aldez aurretik 500.000 euro inguruko laguntza jaso zuen udalak Foru Aldundiaren Obra eta Zerbitzuen Planetik.  "Gainera, Europako laguntzak ere espero ditugu, eta modu horretan kanpotik datorren finantziazioarekin obra aurrera ateratzea lortuko dugu".

Urte luzez hutsik egon den Ortiz de Molinillo Velasco Dorreari dagokionez, obrak hasi berri dituzte, eta 320.000 euro inguruko aurrekontuari aurre egiteko konpromisoa hartu zuen udalak. "Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza aurretik, beste 100.000 euroko finantzaketa lortu genuen, eta Europako funtsetatik beste 100.000 euro lortzea espero dugu; beraz, kostua ia kanpoko laguntzarekin estaliko genuke", esan du Vivancok.

Zeharbidearen egokitzapena

Bestalde, aste honetan bertan baieztatu du  Arabako Foru Aldundiak, Artziniegatik igarotzen den zeharbidea, A-624 errepidean, Arenazako eta udaletxeko biribilguneen artean, egokitzeko eta urbanizatzeko 1,3 milioi euro inbertituko dituela, Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren bidez. Iaz, inbertsio horretarako laguntza eskatzeko idatzitako aurreproiektuak jarduera horren kostua 2,8 milioitan finkatu zuen."Udalari dagokion zatian, beste finantzabide batzuk lortzen saiatuko gara; izan ere, printzipioz Artziniegako Udalak jarri beharko duen zatia garrantzitsua izango dela aurreikusten da, eta bermatu behar dugu diru hori dugula proiektuari ekiten zaionean", azaldu du Vivancok.

Administrazioek eginiko aurreikuspenen arabera, lanak 2024an hasiko dira eta 2025erako amaitu ahal izango dira. Zeharbideari espaloi berri eta zabalak jarriko zaizkio bi aldeetan, zerbitzu elektrikoak eta telefonikoak lurperatuko dira eta saneamendua egokituko da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago