Superberriakeko langileen grebak EEEa atzera botatzea lortu du

Erredakzioa 2022ko ira. 21a, 08:30

Superberriakeko langileak bart, garaipena ospatzen. / Argazkia: AIARALDEA

Lau greba egunen ostean, Superberriak enpresako zuzendaritzak Enplegua Erregulatzeko Espedientea erretiratzea erabaki du. Hortaz, denda guztien itxiera eta 90 langileen kaleratzea bertan behera gelditu dira.

Joan den abuztuaren 30ean Superberriak kateko zuzendaritzak langile guztientzako EEEa eta denda guztien itxiera jakinarazi zien sindikatuei. Horrek Amurrio, Laudio, Ugao, Bilboko Alde Zaharreko eta Barakaldoko BM Shop dendetako 90 langileen kaleratzea ekarriko luke.

Espedientea ezartzeko asmoaren berri izan bezain laster, irailaren 16an, lanpostu guztiak defendatzeko greba mugagabeari ekin zioten langileek, LAB eta CCOO sindikatuek osatutako enpresa batzordearen eskutik; jarraipena erabatekoa izan da, ia %100ekoa. Bart gauean, laugarren greba egunaren amaieran, atzera egingo zuela iragarri zuen zuzendaritzak, EEEa erretiratuz.

Zuzendaritza eta sindikatuen artean adostutakoaren arabera, Aiaraldea hedabideak argitaratu duenez, Uvesco konpainiak subrogatuko ditu langile guztiak; orain, negoziazio mahaia osatu beharko dute Superberriak supermerkatuetako zuzendaritzak, langileen ordezkariek eta Uvesco konpainiak.

Bideoa: AIARALDEA.eus

 

23:00ak aldera, dendetako langileak Laudioko dendaren aurrean elkartu ziren, garaipena ospatzeko. Oraingoz, asteazken honetan greban jarraituko dute langileek, ordua zela-eta deialdia bertan behera uzteko jakinarazpena bidaltzeko astirik izan ez dutelako. Baina enpresa batzordeak jakinarazi du greba mugagabea bertan behera gelditu dela: "Hala ere, hau ez da hemen amaitu: enpresaren aktibitatea eta gure lanpostuak mantentzeko konponbideak aztertzeko unea da", ohartarazi du LABek.

"Dendaz denda burututako piketeak, bezeroen elkartasuna, denden aurrean egindako bilkurak, Laudion burututako manifestazio jendetsua eta herri, eskualde zein bestelako lantokietatik zein jasotako elkartasun keinuak erabakigarriak izan dira. Batasuna, antolakuntza eta ekintza sindikala", azpimarratu du LAB sindikatuak.

Langileak garaipena ospatzen, gaur goizean. / Argazkia: LAB

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago