Behin zuzendaritzak aurkeztutako txostenak aztertuta, LAB eta CCOO sindikatuek adierazi dute ez dagoela BM Shop markako lau denda ixteko eta 70 lanpostu galtzeko nahikoa arrazoi ekonomiko. Azken egunetako negoziazioen ostean, Superberriak enpresak ez du espedientea bertan behera utzi; hortaz, ostiral honetatik aurrera greba mugagabera joko dute.
Enpresak abuztuaren amaieran agertu zuen Ugaon, Laudion, Amurrion eta Bilbon dituen BM Shop frankiziak ixteko asmoa, eta irailaren 7an hasi zen erregulazio espedienteari buruzko kontsulta epealdia.
Sindikatuen arabera, aurretik zituzten susmoak berretsi dira enpresak aurkeztutako zenbakiak ikusi dituztenean. Diotenez, erregulazio horretarako ez dago nahikoa arrazoi ekonomiko, eta, beraz, "espedienteak ez du izateko zentzurik". Ziurtatu dute lau dendek "ondo funtzionatzen" dutela, eta "horren erakusgarri da erabaki honek langile, bezero zein auzokideen artean sortu duen harridura". Enpresak aurkeztu dien dokumentazioa, "eskasa" izateaz gain, "argi-ilunez beteta" dagoela erantsi dute.
Eroslea bilatu
"LABek eta CCOOek, enpresan ordezkaritza dugun sindikatuok, argi dugu Superberriak-ek ardura bat daukala bere langileekiko, eta beraz, jarduera utzi nahi baldin badu, dendentzako eroslea bilatu beharko duela, lanpostu horiekiko eta lanpostu horiek sostengatzen dituzten familiekiko erantzukizunez", adierazi dute bi sindikatuek.
Bestetik, erantsi dute BM Shop markapean Uvesco taldearen frankizia izanik, "ekidinezina" egiten zaiela enpresa talde honi ere erantzuteko exijitzea. Horretan aurreratzeko, Uvescoko ordezkariekin bilduko direla aurreratu dute.